Armeria Eskola- Roc Horizon College konexioa
ROC Horizon College Holandako Lanbide Eskolako hiru ikaslek eta Armeria Eskolako Automatizazioa eta Robotika Industriala zikloko bederatzi ikaslek, urruneko lankidetza-lanean, estazio bat automatizatu dute martxoko azken hiru asteetan.
Estazioa Herbehereetan dago, eta Siemens PLC bati eta IXON bideratzaile bati konektatuta dagoenez, Armeriako ikasleak Eibartik konektatu ahal izan dira estaziora.
Proiektuaren lehen urratsean, Herbehereetako ikasleek Armeria Eskolara bidali zuten automatizatu nahi zuten prozesuari buruzko informazioa, diagrama elektrikoekin, pneumatikoekin eta abarrekin.
Ondoren, Eibarko ikasleek datuak aztertu, programak sortu, IXON bideratzailearen bidez PLCarekin linean konektatu, eta urrunetik kargatu zituzten programak.
Azpimarragarria da ikasle guztiek erakutsi duten konpromiso profesionala, programatzeko trebetasunak hobetu dituzte eta baita ingelesez komunikatzeko gaitasuna ere. Ikasleen iritziz, esperientzia bikaina izan da, arazoak konpontzea eta jende berria ezagutzea izan delarik gehien gustatu zaiena. “Ondo moldatu gara aurrez aurre izan ditugun egoera eta arazoetara, eta batzuetan erraza izan ez den arren, esperientzia hori probatzera animatu nahi ditugu beste ikasleak ere”.