
Armeria Eskola Singapurren: industria aurreratua eta Learning Factory
Armeria Eskolako bi irakaslek Singapurrera egindako bidaian parte hartu dute, Euskadiko Lanbide Heziketako zazpi ikastetxetako 13 irakaslerekin batera, LCAMP proiektuaren baitan.
Urriaren 19tik 23ra bitartean, Singapurreko hezkuntza- eta industria-zentro garrantzitsuenak bisitatu dituzte, besteak beste, Temasek Polytechnic, Nanyang Polytechnic, ITE College Central, A*STAR eta OMRON Automation Centre.
Bisitaren helburua Learning Factoryen garapenarekin lotutako azken joerak eta teknologia berriak bertatik bertara ezagutzea izan da. Horien artean, adimen artifiziala, fabrikazio aurreratua, robotika kolaboratiboa, automatizazioa eta Smart Manufacturing nabarmendu dira.
Esperientzia honek nazioarteko erreferentziak eta jardunbide egokiak ezagutzeko aukera eman du, Armeria Eskolako Learning Factoryaren garapenean aurrera egiteko eta ikaskuntza-ingurune digitalagoa, konektatuagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko.


