Robotikako ikasleek proiektu bat garatu dute online formatuan Municheko BSMDM eskolarekin
Proiektua Armeria Eskolako Automatizazio eta Robotika Industrialeko bost ikaslek eta Alemaniako Berufsschule für Metall – Design – Mechatronik eskolako beste bost ikaslek garatu dute. Erronka pieza pneumatiko txikiak muntatzen dituen prozesua automatizatzea izan da, horretarako, Armeria Eskolan dagoen Mitsubishi robota programatuz.
Lehenengo urratsa gure ikasleek eman zuten, alemaniarrei prozesuari buruzko informazioa bidaliz: eskema elektrikoak-pneumatikoak, erabili beharreko sarrerak eta irteeren helbideak, robotaren puntuak, prozesuaren Grafceta… Ondoren, informazio horrekin, ikasle alemaniarrek robotaren programa egin eta Armeria Eskolara bidali zuten, bertan programa instalatu eta azken doikuntzak egiteko. Proiektua bideo bat grabatuz eta ondorioen txostena eginez amaitu zen.
Proiektuak ikasleen gaitasun tekniko, komunikatibo, linguistiko eta digitalak garatzen lagundu du, eta ingelesa erabili izan da dokumentuak sortzeko, informazioa bidaltzeko eta bideokonferentziak egiteko. Nabarmentzekoa da proiektuaren bidez enpresetan gertatzen den egoera erreal eta ohikoa simulatu dela, makinak programatzea teknikaria eta makina leku berean egon gabe.