Txapa makina: Fabrikazio mekanikoko 3 zikloren arteko erronka
Duela 2 urte hasi zen txapa makina automatizatzeko proiektua. Produzkioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan zikloko bigarren mailako ikasleek prentsa eta transferentzia eragiketak egiteko zilindro pneumatikoak erabili zituzten, makina erdiautomatiko bat lortuz.
Aurten, plater birakari bat gehitu eta prentsa eragingailua zilindro hidrauliko batekin ordezkatu dute; horrela, indar ahalmena gehitzea lortu dutelarik. Plateraren mekanismoak Mekanizazioa zikloko kideek egin dituzte eta plastikozko piezak Fabrikazio Mekanikoko Diseinua zikloko ikasleek, 3D inprimagailuak erabilita.
Hurrengo pausoa makina guztiz automatizatzea da, txapa egiteko behar diren osagaiak biltegietatik automatikoki jaso eta prozesua guztia modu autonomoan burutzeko. Horretarako, martxoaren 9an, Produzkioaren Programazioa zikloko ikasleek txapa makinaren erronka Diseinuko ikasleei aurkeztu zieten eta azken hauek, ikasturtea amaitu aurretik, lau biltegi diseinatu beharko dituzte. Azkenik, Mekanizazioa eta Produzkioaren Programazioa zikloetako ikasleek gabonak arteko epea izango dute elementuak mekanizatzeko eta prozesua guztiz automatizatzeko.
Gorka Kortabarria irakaslearen iritziz, elkarlanean egindako erronka honen bitartez, Fabrikazio Mekanikoko hiru zikloen arteko erlazioa estutu nahi da, ikasketa emaitzak Ethazi metodoaren bidez landuz eta ikasleen motibazioa indartuz.