Emozioen zaintza, ongizatearen giltza

ONGIZATE EMOZIONALAREN ASTEA
Armeria Eskolan, gure ikasleen ongizate emozionala lantzen ari gara, hainbat jardueren bidez, erronka pertsonal eta profesionalei oreka eta konfiantza handiagoz aurre egiteko funtsezko trebetasunak landuz. Helburua, emozionalki orekatuak eta trebatuak diren pertsonak prestatzea da, gizarte eta lan-ingurune osasuntsuak izan ditzagun.
Estrategia honen baitan, martxoaren 24tik 28ra ‘Ongizate Emozionalaren Astea’ ospatuko da Armeria Eskolan, ongizate emozionalak duen garrantzia bistaratzeko eta ikasleek ikasturtean zehar landutako gaiak sakontzeko asmoz.
Aste hau, bereziki erdi mailako 1. mailako ikasleei zuzenduta dago eta beraien parte hartzea bultzatzeko helburuarekin, dinamika parte-hartzaile desberdinak antolatu dira eta baita mahai-inguruak eta hitzaldiak ere.
Aste osoko egitaraua prestatu da eta nagusiki ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten bi gai sakonduko dira: Adikzioak eta suizidioa. Astelehena irekiera eguna izango da eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dugu gurekin bere esperientzia partekatzen. Asteartea substantziadun eta jokabide adikzioak lantzeko eguna izango da, beraz, gai honetaz kontzientziatzeko, alde batetik, Maitane Ormazabal psikologoa eta aholkulari psikoemozionalak, mugikorrek osasun mental eta emozionalean duten eragina zein den azalduko digu. Bestalde, mahai-inguru bat egingo da Josu Viana, jokalari ohia eta Izan Fundazioko (Proyecto Hombre) terapeuta eta erabiltzaile batekin zeinetan ikasleek beraien zalantzak eta esperientziak partekatzeko aukera izango duten. Asteazkenean suizidioaren gaia jorratuko da, prebentzioa sustatzeko asmoz. Horretarako, AGIFES elkartetik testigantza ematera etorriko dira. Ondoren dokumentala ikusi eta gai honi buruz hausnarketa eginez bukatuko da eguna. Ostegunean, ikasleek erronka landuko dute osasuna eta ongizate emozionala hizpide harturik. Ostiralean, astearen itxiera egingo da: erronkak aurkeztu eta sari banaketa egiteaz gain Nerea Mendizabal, Komunikazio Ez Bortitzeko formatzaile eta psikopedagogoak Komunikazio Ez Bortitzaren ikuspegitik, ‘gure harremanak ongizate emozionalaren oinarri gisa’ izenburupean hitzaldia eskainiko digu.
Armeria Eskolan gure ikasleen ongizate emozionala zainduz, etorkizun orekatu eta osasuntsu bat eraikitzen ari gara, emozioak lantzea gure ikasleen arrakasta pertsonal eta profesionalaren giltza baita.