Armeria Eskolak eta Aspacek lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Ikastetxeak aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko eta pieza unitarioen fabrikazioa egiteko konpromisoa hartzen du.
Eibarko Armeria Eskolak hitzarmen bat sinatu du Aspace Gipuzkoarekin. Hitzarmenarekin lankidetza-esparru bat ezartzen da Lanbide Heziketaren eremuan, eta Eibarko ikastetxeak beharren arabera diseinatzen diren prototipo, pieza unitario edo multzoen aholkularitza eta fabrikazioa egiteko konpromisoa hartzen du.
Aspace Gipuzkoako elkartea da, irabazi-asmorik gabekoa eta onura publikokotzat jotakoa. Bere helburua honakoa da: Garun-paralisia eta/edo antzekoak dituen pertsona bakoitzaren eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea, konpromiso etiko batetik, eskubide osoko herritar gisa aktiboki parte hartzea erraztuko duten laguntzak eta programak sustatuz.
Hitzarmena Esther Larrañaga Aguirre Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusiak eta Imanol Urreisti Armeria Eskolako zuzendariak sinatu dute eta Armeria Eskolak bere inguruko enpresa eta erakundeekin harremantzeko duen interesaren barruan kokatzen da.