ARMERIA INTERNATIONAL DAY. Nazioartekotze aukerak ikasleei helaraziz.
Pasa den ostiralean, maiatzaren 7an, Armeria International Day ospatu genuen, gure zentroak eskaintzen dituen nazioartekotze aukera guztiak ikasleei helarazteko asmoz. Jardunaldiak hiru helburu batu zituen. Alde batetik, jardunaldi informatiboa izan zen eta Erasmus+ programa berriari buruz, Irasuegi egonaldiei buruz nahiz elkarlan proiektu eta nazioarteko sareei buruzko informazio xehea jaso zuten ikasleek. Informazio guztia eskolako web orriko Nazioartekotze atal berrian nola dagoen antolatuta jakin zuten. Interesatuek beka bat eskatzeko web orrian dagoen formularioa eskura dutela azpimarratu genien.
Beste alde batetik, ekimen motibagarria izatea izan zen gure nahia. Atzerriko esperientzia batek zer nolako onura eta abantaila dituen adierazi nahi izan genien ikasleei eta gogoa piztu datorren urtean horrelako esperientzia bizitzeko. Horretarako, bi gonbidatu berezi izan genituen: Cristina Guntin, Eibarko errugby taldeko entrenatzailea eta Lea Echevarrieta Eibar klubeko entrenatzailea eta errugby jokalaria. Errugbiak bidaiatzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eman die eta horrek eragin zuzena izan du beraien garapen pertsonalean eta atzerriko hizkuntza hobetzean. Egun sei nazionalitate ezberdin daude Eibarko errugby taldean eta hori ezin aberasgarriagoa dela nabarmendu digute. Zelanda Berriko Ti Tauasosi jokalariaren testigantza ekarri ziguten bideoan, zeinek animatu nahi izan baikintuen bidaiatzera eta errugbiaz disfrutatzera.
Azkenik, jaieguna izaten saiatu ginen. Izan ere, ospatzeko arrazoi ugari izan genituen: Nazioartekotze atal berria estreinatu berri dugu eskolako web orrian eta bertan azaltzen dugu orain dela gutxi lortu ditugula Erasmus bi akreditazio: Erasmus Charter for Higher Education eta Erasmus Vet Charter. Akreditazio hauek bermatuko digute parte-hartzea Erasmus+ programa berrian eta finantziazioa lortzea hurrengo zazpi urtetan. Maiatzaren 9an ospatzen den Europako egunak jai-giroa indartu zuen.
Bukatzeko, Kahoot lehiaketa antolatu genuen eta talde bakoitzean puntu gehien eskuratu zituzten hiru pertsona Europako produktuz betetako motxila banarekin saritu genituen.