Ongizate emozionala jomuga
Ikastetxeetako orientazioaz hitz egiten dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza ikasleak bere etorkizun akademikoa edo profesionala bideratzeko behar duten laguntza da. Baina ibilbide horretan sortzen diren beharrak eta orientazioa haratago doa.
Egoera honetan, Armeria Eskolak, 2024-2028 estrategian ikasleen eta irakasleen ongizatean jarri du fokoa. Beraz, aurten orientatzaile pedagogikoa izango dugu gurekin, ikasleen ibilbide akademiko eta profesionalean laguntzeaz gain, beraien garapen pertsonalean zentratuko dena, ongizate emozionalean fokoa jarriz eta ikasleen garapen integrala lortzeko asmoz.
Horretarako, besteak beste, ‘Bizkidetza’ Batzordea eta ‘Ikasleen Ongizate’ Batzordea jarri dira martxan. Batzorde hauek ikasturtean zehar plan zehatza diseinatu eta exekutatuko dute.
Orientatzailea beraz, ikasleei sortzen zaizkien arazo desberdinetan lagundu eta bideratzeko lanean arituko da, hauei hurbiltasuna eta eskuragarritasuna bermatuz, guztion artean gune eroso, atsegin eta seguru bat sortu dezagun.