Infinitu forma duen eskultura ekonomia zirkularra irudikatzeko
Azaroaren 20tik 28ra bitartean izango da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen aurtengo edizioa. Helburuen artean dago herritarrak kontzientziatzea hondakinen sorrerak dakarren arazoari eta hondakinen sorrera prebenitzeko beharrari buruz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintza ugari antolatu ditu, besteak beste, ‘Ekonomia Zirkularra modelatzen’ eskultura erakusketa eta Lanbide Heziketako ikastetxeei parte-hartzeko gonbidapena luzatu die. Horren bitartez islatu nahi dira LH-ko gazteek ikastetxean hondakinen prebentzioa eta kudeaketa egokia egiteko burutzen dituzten jarduerak, ekonomia zirkularra bultzatzearren.
Armeria Eskolak aurkeztu duen eskultura altzairuzko piezak birziklatuz egin da eta infinitu forma duen zinta bati soldatuta dago, ekonomia zirkularreko hiru termino garrantzitsu adieraziz: birziklatu, birdiseinatu eta berrerabili.
Eredu ekonomikoa aldatzeko aldarrikapena
Elementu geometriko hau oso egokia da amaitzen den lekuan hasten den sistema irudikatzeko. Eskulturaren angelu batetik begiratuta, zirkulu bat ikusten da beste baten barruan, eta lerroen artean irakur daiteke lurra eta haren zaintza, gizakiok haren baliabideez egiten dugun erabileraren eta kudeaketaren mende dagoela. Hurrengo zirkulua lurrari eusten dion ziklo ekonomikoa izango da.
Goitik ikusita, infinitu bat bezala ikusten da (∞). Sinbolo hori erabiltzen dugu, gure gizarteak gaur egun duen kontsumo handiaz hitz egiteko zubi gisa, eta eredu ekonomikoaren aldaketa aldarrikatzeko, horixe baita proiektu honetarako proposatzen dena: gastatzeko jarreraren eta ohituta gauden materialak gaizki erabiltzearen amaiera, non birziklatutako guztia erabiliko baitugu, hautsitako guztia birdiseinatuko baitugu, dena berriro bersalduko baitugu, ziklo infinitua lortuz.
Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinua zikloetakoko 5 kidek osatu dute Armeria Eskolako ikasle-taldea Arrate Zubiaga irakaslearen ardurapean: Eneritz Busto, Daniel Patiño, Oier Eguren, Ismael Ruiz, Jonathan Vizcaino.