Espezializazio berria martxan: Ekipo Elektroniko Integratuen Garapena (EMBEDDED)
ULMA Embedded eta Armeria Eskolak elkarlanean diseinatutako espezializazio berriak eskolako elektronika arloa sendotu eta indartuko du, orain arteko goi mailako bi zikloei, Mantentze-lan Eletronikoa eta Telekomunikazio eta Informatika Sistemak zikloei jarraipena emanez. Aldi berean, Espezializazioak elektronika sektoreko beste enpresa eta ikastetxeekin harremana sendotzeko balio izan digu. Horrela, diseinuan bidelagun izan dugun ULMA Embedded enpresaz gain, Eika, S. Coop, Electrotecnica Arteche Smart Grid, Centro de Estudios e Investigaciones Técnicas de Gipuzcoa (CEIT), Integración Industrial elektronika SL (IDK), IK4 -Tekniker eta CS Centro Stirling Scoop enpresak eta Laudioalde, Bidasoa eta Don Bosco ikastetxeek hartuko dute parte espezializazioaren lehen promozioan.
Programak 2.000 orduko iraupena izango du eta goi mailako zikloetan lantzen den formazioa indartuko du. Dual formatuan egingo da, hau da, ikasketak eta lana uztartuz, eta amaitzean, ikasleek titulu bikoitza lortuko dute; alde batetik, goi mailako teknikariarena eta bestetik, teknikari espezializatuarena.
Teknikari hauek industria elektronikoan oso eskatuak diren teknologiak landuko dituzte eta prototipatze elektronikoko ezagutza aurretatuak dituzten profesional bihurtuko dira. Horrela, sistema txertatu bidezko kontrolak behar dituzten sektore industrialean eta kontsumokoan dagoen lan eskaintza zabalari erantzunez.
Bestalde, aipagarria da Metrologiako espezializazioaren hirugarren edizioa ere abiatu dela. Sariki eta Armeria Eskolak diseinatutako programa hau zeharo kontsolidatuta dago eskolan. eta dagoeneko 33 espezialista merkaturatu dira, ia erabateko laneratze tasarekin.