Emeu4crossovers: hiri paisajismorako teknikarien modulu pilotuak
Duela urte eta erdi abiatutako Emeu4crossovers nazioartekotze proiektuan egindako lanaren fruituak jaso eta dastatzeko aukera izan genuen duela gutxi modulu pilotuak martxan jartzean. Armeria Eskolako Automatizazio eta Robotika Industrialeko eta Mekatronika Industrialeko ikasleek eta Green Academy-ko (Aarhus, Danimarka) Lorezaintza eta Paisajismoko ikasleek baratzezaintza eta teknologia konbinatzen dituen lorategi bertikal automatizatuaren prototipo batean lan egin zuten.
Danimarkan, Green Academy eskolan, lehenengo ikasleek ikasi zuten landareen eta lorategien ezaugarriei eta beharrei buruz eta horiek komunitatean nola txertatu. Horren ondoren, Armeria Eskolan, teknologia izan zuten ardatz nagusi: pneumatika, hidraulika, sentsoreak eta programazioa.
Zeharkako hainbat gai ere landu zituzten, hala nola biodibertsitatea, hiri-plangintza ekologikoa edo garapen jasangarria.
Bi moduluek arrakasta izan zuten, eta ikasleek gehien baloratu dutena izan da herrialde berri bat ezagutzea, lagun berriak egitea, bizitza errealean erabil daitekeen irtenbide bat garatzea, lan-eremu ezberdinei buruz ikastea eta ingelesezko komunikazio-trebetasunak hobetzea.
Egin klik hemen esperientziaren bideo-laburpen bat ikusteko.