EMEU4CROSSOVERS proiektua: elektronika eta arreta soziosanitarioa biltzen dituen modulu gurutzatu berria
Martxoaren 22tik 24ra Eibarren egin zen EMEU4CROSSOVERS 3. proiektu bilera, Uni Eibar ikastetxeak antolatuta, eta gure eskolara ere etorri ziren bisitan parte hartzen ari diren Danimarka, Finlandia, Herbehereak eta Alemaniako ikastetxeetako ordezkariak.
Erasmus+ programak finantziatuta, EMEU4C nazioarteko proiektuaren helburua esperientzia gurutzatu teoriko eta praktikoak sortu, probatu eta eskaintzea da. Industriarekin elkarlanean lanbide-arlo ezberdinen irakasleak ikas materialak prestatzen ari dira ikasleek hiru astez birtualki eta aurrez aurre landuko dituzten erronka ezberdinetarako. Hainbat ziklo desberdinetako ikasleak beren arlotik baino haratagoko irtenbideak topatzen ahaleginduko dira pentsaera malgua garatu ahal izateko.
‘Lorategi bertikal automatikoak’ eta ‘Eraikin adimenduak’ modulu gurutzatuetan parte hartzeaz gain, Armeria Eskola ‘Kontainer Etxea: Osasun eta Teknologia barne hartzen dituen laborategi bizia’ izeneko moduluan ere konprometitu da. Honela, elektronikako ikasleek eta Holandako MboRijnland-eko arreta soziosanitarioko ikasleek adineko eta behar bereziak dituzten pertsonen bizitza hobetzeko proposamenak lantzeko aukera izango dituzte.
Hurrengo ikasturtean modulu guztien lehenengo esperientzia pilotua egingo da eta 2025 urtetik aurrera Danimarka, Finlandia eta Herbeheretako ikastetxeekin ikasle-trukeak ohiko ekintza bihurtuko dira.