BAZKIDETZA OFIZIALA EMEU PROGRAMAN
Munichen izan dira, EMEU programan sartzeko ekitaldi ofizialean, Armeria Eskolako zuzendaria Imanol Urreisti, Alina Ivan Nazioartekotzearen arduraduna eta Asier Gabilondo Elektrizitateko alorburua. Städtische Berufsschule eskolako Markus Meier zuzendariaren eskutik jaso dugu kidetza ziurtagiria eta bazkidetza horri esker, gure ikasleak Europako bost herrialdetan, Alemanian, Danimarkan, Finlandian, Holandan eta Erresuma Batuan, hiru asteko ikastaroak egin ahalko dituzte. Modu berean, atzerriko ikasleak Armeria Eskolan ikasi ahalko dute.
Programan sartzeko asmoa iaz sortu zen, egungo industria 4.0-ren beharrak eta eskakizunak aztertzeko Automatizazio eta Robotika Industriala ikasguneko irakasle batzuk Alemaniara joan zirenean. Bertan, automatizazio arloko moduluak Municheko irakasleekin batera aztertu eta prestatu ziren eta jarraian, saio pilotua abiatu zen, urtarrilean Alemaniako 8 ikasle etorri zirelarik PLC modulua egitera Armeria Eskolara. Irakasleen artean egindako bilerak eta ikasle alemaniar horiek izandako esperientzia ebaluatu ondoren, ofizialki bazkide izatera gonbidatu izan ginen. Bazkidetza lortu ondoren, urrian, Armeriako ikasleak Alemaniara joango dira automatizazio modulua egitera.
Momentuz EMEU programa Automatizazioa eta Robotika ziklora mugatzen bada ere, Armeria Eskolaren helburua beste zikloetara ere zabaltzea da, hala nola, Mekatronikara, Fabrikazio Mekanikora eta Telekomunikazioak/Informatikara.
NAZIOARTEKOTZEA ARMERIA ESKOLAN
Azken urtetan garrantzia berezia eman diogu nazioartekotzeari Armeria Eskolan. Gure helburuak hauek dira: hizkuntza eta kulturen arteko lankidetza, ikasleak autonomia eta lidergo handiagoaz hornitzea, enpresetan ikuspegi internazionala duten lanpostuak betetzen laguntzea eta nazioartean mugitzeko gaitasuna duten profesionalak prestatzea. Kalitatearekin eta etengabeko hobekuntzarekin konprometituta, nazioartekotze-kultura errealitate da gure ikastetxean azken hamabost urteotan.
Nazioartekotze sarea
2004-2005 ikasturteaz geroztik Armeria Eskolak nazioarteko hainbat proiektutan parte hartzen dihardu eta, horri esker, herrialde ezberdinetako ikasle eta irakasleekin harreman sendoa sortzen joan da.
Alde batetik, berrikuntzarako eta praktika onen trukaketarako lankidetza proiektua garatu genuen Polonia, Bulgaria eta Turkiako ikastetxe ezberdinekin. Bestetik, bi urte jarraian Belgikako hainbat ikasle izan genituen gure artean aste beteko mekatronika eta automatizazio industrialeko moduluak egiten.
Ikaslanek kudeatutako Erasmus bekei esker gure ikasleek aukera paregabea izaten dute lan praktikak atzerrian (Irlanda, Polonia, Ingalaterra) egiteko eta lan munduan hasi baino lehenago ‘ izateko eta egiteko’ beste modu batzuk ezagutzeko.
Europa Batasuneko Erasmus mugikortasun programaren bidez gure irakasleak ere Holanda, Finlandia, Erresuma Batua eta beste herrialde batzuetako ikastetxeetara joaten dira bertako eguneroko jarduna behatzera, elkarrengandik ikastera eta esperientziak partekatzera.
IRASUEGUI internazionalizazio proiektua abiatu zuen iaz Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteak, bertako partaide diren enpresarien eskakizunei erantzuna emateko asmoz. Hasieratik, Eibarko Udala, SD Eibar Fundazioa eta La Caixa-ren diru laguntzak eduki ditu egitasmo honek. Laguntza ekonomiko hau enpresei zuzentzen zaie eta hauen helburua titulua lortu berri duen ikaslearen kontratazioa erraztea da hemengo enpresek atzerrian dituzten filialetan lan egiteko.