
Armeria Eskolako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria
José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak Eibarko Armeria Eskolako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bisitatu du.
Armeria Eskolak instalazio fotovoltaikoa bikoiztu egin du. Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok Eibarko Armeria Eskola bisitatu du gaur, eskolaren estalkian jarritako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria ezagutzeko.
Proiektuak 47.204 euroko inbertsioa ekarri du guztira, eta horietatik 36.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntzen bidez finantzatu dira. Instalazioari dagokionez, 54 modulu fotovoltaiko instalatu dira, 31,86 kWp-ko potentzia totalekin, eta urtean 35.000 kWh energia berriztagarri inguru ekoizteko gai da. Gainera, denbora errealeko monitorizazio-sistema du.
Hezkuntza-ikuspegitik, instalazioa Lanbide Heziketan tresna pedagogiko gisa erabiliko da, batez ere instalazio elektrikoak eta energia berriztagarriak ikasleen curriculumaren parte direnean. Aurten, Jasangarritasun Departamentuak 240.000 euro bideratu ditu dirulaguntza-lerro horretara, Gipuzkoako eskoletan jasangarritasun eta trantsizio energetikoko hezkuntza-proiektuak sustatzeko.


