Armeria Eskola eta bere Elkartea egoera berrira egokitzen dira.
Beste hainbat erakunde, enpresa, saltoki eta abarrek bezala, Armeria Eskolak ere COVID-19ak eragindako errealitate berrira egokitu behar izan du.
Joan den martxoaren 14an, Gobernuak ezarritako alarma-egoera ikusita, eta kontuan hartuta bai osasun-gomendioak bai Hezkuntza Sailarenak, telelanaren bidez lan egiteko modu berri bati ekin genion, eta malguak izan behar izan dugu egoera berri horretara egokitzeko. Era berean, segurtasun-protokolo berriak ezarri behar izan ditugu, zentroan aurrez aurre egon behar zuten langileek inolako arriskurik gabe egin ahal izango zutela bermatzeko.
Egoera honen aurrean, Armeria Eskolak osasun-arloan segurtasuna bermatzeko egiten ari ziren ekimenetan parte hartzearen alde egin zuen. Gizarteari gure ekarpena egitea erabaki genuen, babes-maskarak sortuz eta banatuz. Hasiera batean ibilbide laburreko ekimena zirudienak, behar garrantzitsu bihurtu da sektore askorentzat, eta eskaerek ez dute etenik. Hala, erakunde publikoetatik zein pribatuetatik iristen ari zaizkigu eskaerak, eta 2500 maskara baino gehiago egin eta banatu ditugu modu altruistan, 7 irakasleko talde baten lanari eta dedikazioari esker. Hainbat lekutara iritsi dira maskara horiek, hala nola ospitaleetara, zaharren egoitzetara, merkatariengana, ostalariengana, etxeko arretako langileengana, ETEetara, prestakuntza-zentroetara, etab.
Gainera, epe horretan, web-orri berriaren diseinu-lanak bizkortu ditugu, eta, beraz, dagoeneko eskuragarri dugu www.armeriaeskola.eus webgunea, joan den maiatzaren 13tik. Bisitatzera animatzen zaituztegu.
Denok dakigu errealitate berri bati aurre egin behar diogula, non harremanak izateko modua erabat aldatuko den. Jarduera telematikoarekin jarraitzen dugu, eta eskola klase presentzialetara itzultzea maiatzaren 25erako aurreikusita dago, jarduera praktikoetarako. Badirudi errealitate erdi presentzial berri hori geratzeko etorri dela, eta, beraz, Armeria Eskola, aurrez aurreko jarduera osorako segurtasun-neurri guztiak martxan jartzeaz gain, errealitate berri horretara egokitzeko lanean ari da.
Heldu da hurrengo ikasturtea planifikatu eta antolatzeko unea; horrela, ekainaren 1etik 19ra bitartean ikasle berrientzako aurrematrikula epea martxan izango dugu. Maiatzaren 19an egindako ate ireki birtualen saioaz gain (webgunean dago eskuragarri), posible da elkar sakonago ezagutzea aurrez hitzordua eskatuta, betiere segurtasun-arauei eutsiz eta talde txikietan.
Armeria Eskolako Elkartea
Elkartea ere bizkorra izan da, eta azkar egokitu da inguruko egoerara eta beharretara. Enpresekin batera lan egin dugu egokitzeko estrategia optimoa definitzeko. Zuzendaritza Batzordea funtsezkoa izan da, eta premia berriei eta landu beharreko lehentasunezko eremuei buruzko ikuspegia eman digu. Gaur egun, enpresa-ordezkaritza %70ekoa da Batzordean, eta horrek aukera ematen digu errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta bertara egokitzeko. Urte honetarako aurreikusitako proiektuak birbideratzeaz gain, 2021erako proiektuak diseinatzeko eremu estrategikoak egokitu behar izan ditugu.
Enpresak jasaten ari diren zailtasunak ezagututa, finantziazioa bilatzeko, aholkularitza emateko eta diru-laguntzak izapidetzeko zerbitzu berri bat jarri dugu martxan. Diru-laguntzak kudeatzeko zerbitzu hau bereziki mikroETEei, ETEei eta autonomoei zuzenduta dago, eta, beraz, zerbitzu integrala ematen diegu enpresei beren helburuak lortzen laguntzeko.
Eta azkenik, elkartearen urteko kuoten ordainketa izan da arreta bereziz jorratu den beste gaietako bat. Bazkide ohien urteko kuoten kobrantza irailera arte atzeratzea erabaki dugu.
Edozein zalantza izanez gero edo informazio gehiago nahi izanez gero, 943 20 32 44 telefonora deitu edo elkartea@armeriaeskola.eus helbidera jo dezakezue.