
231D taldeko ikasleek lehen erronka aurkezpena familiei
231D taldeko ikasleek lehen erronkaren emaitzak aurkeztu dizkiete familiei
Joan den astean, martxoaren 11an arratsaldez, Erdi-mailako Mantentze-lan Elektromekanikoa zikloko 231D taldeko ikasleek ikasturteko lehen erronkan egindako lanak aurkeztu zizkieten familiei zuzendutako saio batean. Ekitaldia Armeria Eskolako mekatronika departamentuan egin zen, eta hogei bat guraso, tutore eta familiako kide bertaratu ziren ikasleen azalpenak entzutera.
Aurkezpenean, ikasleek erronkaren garapena eta lortutako emaitzak azaldu zituzten. Proiektu honetan zinta garraiatzaile baten muntaketa eta automatizazio partziala landu dute; besteak beste, biltegiaren mekanizazioa egin dute, zinta muntatu dute eta kuadro elektrikoa kableatu dute.
Saioa oso aberasgarria izan zen. Alde batetik, ikasleek aukera izan zuten egindako lana eta ikasturte hasieratik egindako ahalegina familiei azaltzeko. Bestetik, guraso eta senideek lehen eskutik ezagutu ahal izan zuten ikasleen ikaskuntza-prozesuaren parte diren erronkak, eta nola lantzen diren Armeria Eskolan gaitasun teknikoak eta proiektu bidezko lana.
Topaketa honek, gainera, ikasleen lana balioan jartzeko eta familia eta ikastetxearen arteko harremana indartzeko balio izan zuen.


