Nazioartekotzea etxean: martxoan hiru ikasketa-modulu internazional antolatu ditugu
Automatizazio eta Robotika zikloa izan da aitzindaria ikasketa-modulu internazionalak antolatzen Armeria Eskolan. 2018-2019 ikasturtean antolatu genuen 1. edizio pilotua, Engineering Mobility in Europe (EMEU) programaren barruan, eta Alemaniako sei ikasle izan genituen gure artean. Talde mistoetan eta elkarlana ardatz, ikasleek prozesu automatikoetan funtsezko elementuak zeintzuk diren eta segurtasun-arauak identifikatzen eta barneratzen ikasteaz gain, kulturen arteko esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera ere izan zuten.
Iaz Fabrikazio Mekanikako arloko beste modulu bat jarri genuen martxan eta ikasturte honetan jada nazioarteko lau modulu antolatu ditugu. Pasa den azaroan lorategi bertikal automatizatu baten prototipoa sortzeko modulua landu genuen Danimarkako ikasle batzuekin batera.
Martxoan Europako hamabost ikasle gure geletan
Datorren martxoaren 4tik 22ra bitartean, Alemaniako, Herbeheretako eta Suitzako ikasleak egongo dira gurean fabrikazio mekaniko, elektrizitate eta elektronika modulu banatan. Armeria Eskolako ikasleekin batera hainbat erronka landuko dituzte:
- elektrohigadura bidezko mekanizazio-prozesuetan sakondu
- ekoizpen automatikorako linea bat diseinatu, programatu eta martxan jartzeko egin beharrekoak gauzatu
- gailu elektronikoen erabilera osasungintzan aztertu eta aplikazio praktiko bat garatu
Eskolaz-kanpoko ekintzen artean, arlo bakoitzean diharduten inguruko enpresek egiten duten lana ezagutuko dute eta natura eta aisialdiko momentuez disfrutatzeko parada ere izango dute.