Robotika eta mekatronikako ikasleek lorategi bertikal automatizaturako prototipoa garatu dute
EMEU4CROSSOVERS proiektuan murgilduta dago Armeria Eskola Danimarkako Green Academy-arekin batera, nazioarteko ikasketa modulu gurutzatu baterako ikasmateriala sortzen. Helburua da ziklo oso ezberdinak elkartzea eta haien arteko lankidetza sustatzea. Kasu honetan, Eibarko Automatizazio eta Robotika zein Mekatronika Industrialeko zikloko ikasleek eta Aarhuseko Lorezaintza eta Paisajismoko ikasleek lorategi automatizatu bat sortuko dute. Horretarako, aurten estruktura prototipoa garatu dute. Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikasleek koadro elektrikoaren diseinua, aurrekontua eta muntaketa egin dute. Bestalde, Mekatronika Industrialeko ikasleek egituraren diseinua, aurrekontua eta muntaketa landu dute.
Hurrengo ikasturtean, urriaren 23tik azaroaren 3ra, Danimarkan, Green Academy eskolan, landareen eta lorategien ezaugarriak eta beharrizanak ezagutuko dituzte lehendabizi, eta gero hirigintzan lorategiak nola txertatu aztertuko dute. Jarraian, azaroaren 6tik 17ra, Armeria Eskolan, arlo teknikoa landuko da eta proiektua gauzatu.