EPA EIBAR HHI-ko ikasleek Armeria Eskolako instalakuntzak bisitatu dituzte Debabarrena Integra Programa gertutik ezagutzeko asmoz
Debabarrena Integra Programaren 16. edizioa antolatu du aurten Armeria Eskolako Elkarteak eta datorren irailean 17. edizioa martxan ipintzea aurreikusten du. Egitasmoaren inguruan informazio gehiago jasotzeko asmoarekin, EPA Eibar HHI-ko ikasleak bisitan etorri ziren pasa den maiatzaren 24an.
Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako programa da Debabarrena Integra eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden langabetuak gizarteratzea eta laneratzea du helburu. Ekimenak bi fase ditu. Lehenengoan, matematikak eta gaztelera lantzen dira Eibarko EPAren eskutik. Lehenengo fase honetan aurten, berrikuntza bat gehitu da eta Euskara ulertzeko 60 orduko saioak eskaini dira, Eibarko Udalaren lankidetzari esker. Helburua euskarazko ahozko ulermenean oinarrizko maila bat eskuratzea da eta modu honetan gizarteratzea erraztea.
Bigarren fasean, FMEE0108 FABRIKAZIO MEKANIKOKO ERAGIKETA OSAGARRIAK, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria eman izan ohi dugu. Datorren ediziorako ere aurreikusita daukagu Ziurtagiri Profesional hau eskaintzea. Gainditzen dutenek, inguruko enpresa batean praktikak egiteko aukera izango dute. Azkenik, curriculuma eta lan-elkarrizketak landu ohi dituzte DAITEKE Gizarte Aholkularitzaren eskutik.
Ziurtagiri profesional honetako edukiak hobeto ezagutzeko, bisita gidatua egin zuten eskolako hainbat tailerretan. Bertako instalakuntzak eta makinaria ezagutzeaz gain, ikastaroko irakaslearekin eta aurtengo edizioko partehartzaileekin hitz egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten.