‘Diseinua Fabrikazio Mekanikoan’ zikloko ikasleek barbakoa bat diseinatu dute Finlandiako eta Herbeeretako ikastetxeekin landutako proiektuan
Pasa den abenduan, Armeria Eskolak barbakoa bat diseinatzeko enkargua jaso zuen, ondoren Finlandiako Gradia Eskolako tailerretan ekoizteko. Horretarako, Herbeeretako Horizon Eskolako ikasleekin harremanetan jarri ziren xehetasun teknikoak adosteko
Diseinua Fabrikazio Mekanikoan zikloko 20 ikaslek irudikapen grafikoetarako Solidworks programa baliatuz ekin zioten erronkari Aste Santuko oporren aurretik. Beraiek sortutako planoak beste herrialde batzuetan erabiltzeko zirela ohartuta, talde bakoitzeko komunikazio arduradunek galderak eta zalantzak plazaratu zizkien Horizon Eskolako kideei. Horretarako, atzerriko hizkuntzan duten gaitasuna landu eta hobetu dutelarik.
Barbakoa egiteko gure ikasleek bost proposamen grafiko ezberdin sortu dituzte eta iragarki moduko bideo bana sortu dute haien ‘diseinuak’ zer abantaila dituen azaltzeko eta aukeratuak izateko.
Hurrengo pausoa barbakoarik egokiena aukeratzea eta Finlandiako Gradia Eskolan egitea izango da. Lastima da bidaiatzerik ez izatea, barbakoa handi bat elkarrekin partekatzeko. Datozen urteetan egin ahal izatea espero dugu!