Kanpus teknologikoa STEAM zaletasunak sustatzeko
STEAM zaletasunak gazteen artean sustatzeko asmoz, Armeria Eskolak uztailaren 1etik 5era jarriko du abian Udako Campus Teknologikoa.
Industria-ingurune batean egonik, gure enpresek langile prestatuen premia handia dute, eta, askotan, gabezia horrek arriskuan jar dezake epe ertainean bizirik irautea. Profil teknologiko hauei erantzuteko beharrezkoa da ikasteko zaletasuna sustatzea eta harrobia lantzea. Testuinguru horretan kokatzen da teknologia-campus honen eskaintza.
11 eta 15 urte bitarteko gazteek taldeka lan egingo dute elektronikarekin, mikrobit programazioarekin eta 3D inprimaketarekin lotutako proiektuetan. Gainera, ikastaroan erabiliko diren dinamiken bidez, talde-lana, komunikazioa edo sormena bezalako gaitasunak garatuko dituzte.
Hori guztia euskaraz, doan eta Armeria Eskolako gune berrienetan egingo da. Animatu eta ez galdu aukera hau!