Hastera doaz Lantokiko Praktikaldiak bigarren mailako ikasleentzat
Lanbide Heziketako ikasleen heziketa prozesua osatzeko ezinbesteko osagaia da Lantokiko Prestakuntza, enpresa eta eskolaren arteko zubilana egiteaz gain, ikasleak ikastetxean ikasitakoa praktikara eramateko aukera ematen baitu.
Armeria Eskolan, datozen egunetan, 117 ikasle hasiko dira Lantokiko Praktikaldia egiten, goi mailako zikloetako 87 ikasle eta erdi mailetako beste 30. Lehenak otsailaren 18 hasiko dira eta erdi mailetakoak martxoaren 2an. Ondobidean, guztiak ekainaren 6an amaitu eta titulua lortuko dutelarik.
Eskertzekoa da, urtero moduan, inguruko enpresek praktikaldiak eskaintzeko erakusten duten interesa. Ikasturte honetan 89 izango dira Armeria Eskolako ikasleak hartuko dituzten enpresak, eta espero dugu hiru hilabeteko praktikaldien ostean ahalik eta ikasle gehien kontratatzea.
Bestalde, Erasmus programak lantokiko praktikaldia Europan egitea ahalbideratzen du, aurretik aipatutako onurez gain hizkuntza lantzeko eta kultura berriak ezagutzeko aukerak emanez. Argazkian jarri ditugu ikasturte honetan aukera hori aprobetxatuko duten Armeria Eskolako bost ikasleak: Alex, Diego, David, Iñaki eta René.