- Ideien Zorroa
- Mantentze preskriptiboa AA bitartez.
- LH Murgiltzailea
- Bin-Picking estazioa
- AMR Armeria
- Industria 4.0 eta Fabrikazio adimentsua
- AR lagundutako mantenua
- Nodo Fabrikazioa Aurreratua
- Nodo Fabrika Digital eta Konektatua
- PCBren kontrola AA bidez
- Eibar Learning Factory - IT/OT Interoperabilitatea
- AHODDITIVE: Hortz-protesien fabrikazio aurreratua
- DistAMR: AMR Koordinazio Modularra
- AI!Kea: Baso sute detekzio goiztiarra
- ReMaKET: Urruneko sarbidea
Hezkuntzak eta gure ikastetxeak aurrera egin dezaten, ezinbestekoa da berrikuntza arlo guztietara hedatzea, bai esparru teknologikora zein besteetara, eta horretarako zaintza edo begiratze sistematika bat ezarri behar da. Ideia-Zorroa zaintza horren testuinguruan kokatzen da.
Sistematika horren lehen pausoa Armeria Eskolako langile guztien berrikuntza, hobekuntza edo aldaketa ideiak biltzea da, horretarako formulario bat betetzen delarik. Formularioa Berrikuntza Zuzendariak jasotzen du eta ideia bidali duen pertsonarekin kontaktuan jartzen da argibideak eskatu eta ideia garatzeko. Garatutako ideiak IDEIEN TXOKOAN gorde eta prozesuen jabeekin aztertzen dira, ardatz estrategikoekin lerrokatuta al dauden eta gaian aditurik ba al dugun baloratuz. Azkenik, aukeratuak izan diren ideiak aurreproiektuen portafolioan sartuko dira eta Estrategia Foroak erabakiko du ideia horiek ikastetxeko estrategian eta urteko planetan nola txertatu.
Industria 4.0k ekarri duen eraldaketa digitalarekin batera, mantentze alorrean ere Mantentze preskriptiboak eraldaketa disruptiboa dakar. Ikasleekin teknologi hauetan experimentatzeko aukera aprobetxatuz, eskolako CNC makina bat digitalizatuko dugu eta makinaren egoeraren berri izango dugu uneoro, Condition Monitoring eta Adimen Artifiziala erabiliz.
Alde batetik Fingerpint edo hatz-marka bidez makinaren osasun egoera zein den jakin ahal izango da eta bestetik, ekoizpeneko egoeran makinaren portaera aztertuz denbora errealeko analisiak egingo dira. Modu honetan sistemak eskeiniko digun datu analisiari esker matxurei aurre hartuko zaie, produkzio geldiketak saihestuz eta kosteak murriztuz.
Proiektu honetan landuko denarekin ikasleek mantentzearen digitalizazioan barneratuta IoLink Sentsore adimenduak, IoT sareak, Edge computing eta Cloud computing teknologietan trebatzeko aukera izango dute.
Errealitate Birtualak (RV) ingurune murgiltzaile eta interaktiboak sortzeko aukera ematen du, benetako esperientziak simulatzeko, eginez ikasteko metodologiaren aplikazioa erraztuz, eskuratutako ikaskuntzak ulertzeko eta denboran atxikitzeko gaitasuna biderkatuz. Horrez gain ikasleak lehen pertsonan bizi dituen esperientzien bidez ezagutza transmititzea ahalbidetzen du, bertan oroitzapen ahaztezinak sortuz.
Guzti horregaitik, proiektu honek Hasierako Prestakuntzarako eta Enplegurako Prestakuntzarako ikasketa eredu diziplinartekoa, belaunaldi artekoa, solidarioa, murgiltzailea eta interaktiboa ezarri nahi du. RVren eskutik, murgiltze-inguruneak sortuko dira, PRL bezalako zeharkako konpetentziak eta konpetentzia teknikoak lantzeko. Gainera, RV teknologia zentro gerontologikoetara eta bigarren hezkuntzako eskoletara eramango da, eta teknologia hori ustiatzen duten enpresa berrien bideragarritasuna aztertuko da.
Bin Picking esaten zaio edukiontzi batean ausaz pilatutako piezak hautatzeko eta ateratzeko aukera ematen duen sistema bati. Horretarako, ikusmen-sistema bat erabiltzen da piezak antzemateko eta aurkitzeko, eta sistema robotiko bat erauzteko eta, ondoren, birkokatzeko. Forjaketa, xaflen konformazioa, torloju-prentsak eta eskuzko prozesuak bezalako lanetan, edukiontzi edo otzara batean ezarritako ordenarik gabe dauden piezak manipulatu beharra sortzen da.
Proiektua Bin Picking sistema baten diseinatzean, konfiguratzean, abian jartzean eta dokumentazioa eta jarduera didaktikoak sortzean datza. Sistema hori beso robotiko batez eta 3D ikusmen-sistema batez osatuta egongo da, Staübli robot bat erabiliz. Proiektuan parte hartzen duten LHko zentroetako tailerretan dauden sistema automatizatuei aplikatuko zaie sistema, teknologia hori eta bere ezagutza guztia etorkizuneko teknikari profesionalengana hurbiltzeko.
AMR (autonomous mobile robot) autonomoki ibilbideak egiten dituen robot bat da, industrian produktuak lantegiko gune ezberdinetara mugitzeko erabiltzen da nagusiki, intralogistikan. Merkatuan AMR ugari egon arren, robotika mugikorrean parte hartzen duten gailu eta kontzeptu desberdinak uztartzea eta automatizazio prozesu baten AMR edo AGV-a integratzeko helburuarekin, Siemens-ek SIMOVE teknologia eta ekipamentua dauka eskuragarri automatizazioko integratzaileentzako.
Robot mugikor autonomo malgu bat aztertu, muntatu, inplementatu eta martxan jarri nahi da proiektu honetan, industrian punta-puntako teknologiak konbinatu ahal izateko, hala nola adimen artifiziala komunikazio industrialak, robot mugikor autonomo batean lehendik dauden teknologiekin. Proiektuaren helburua da garatutako guztia zeharkakoa izatea parte hartzen duten ikastetxeetan dauden lanbide-arloekiko eta heziketa-zikloekiko, hala nola Mekatronika, Automatizazio eta Robotika Industriala, Elkarlaneko Robotikako Espezializazioa, Mantentze Elektronikoa edo Telekomunikazio- eta Informatika-Sistemak.
Ministerioak finantzatutako lankidetza-proiektu honek Luis Vives (Madril), Armeria Eskola eta Tolosaldea LHII (Gipuzkoa) Lanbide Heziketako ikastetxeak eta SMC industria-enpresa elkartzen ditu, Learning-factory ikaskuntza-sistema ezartzeko helburuarekin. Programa berritzaile honek teknologia industrialetako ikasleak 4.0 Industriaren eta automatizazioaren aurrerapenetara hurbiltzea du helburu.
Proiektuak M & I-400 sistema didaktikoaren 13 estazioen funtzionamendua eta hauek kudeatzeko erabiltzen den MES (Manufacturing Execution System) aztertzen ditu. Gainera, eskolek M & I-401 estazioa jasoko dugu, haren egitura, plano elektrikoak eta PLC, zein HMI programazioak ulertzeko. Estazio honek teknologia aurreratuak erabiltzen ditu, hala nola IOLink komunikazio-protokoloa, sentsore adimendunak eta RFID idazketa/irakurketa sistemak.
Proiektu honek Lanbide Heziketako irakaskuntza modernizatzeko eta gazteak 4.0 Industriaren erronketarako prestatzeko aukera paregabea eskaintzen du.
AR (Augmented reality) edo Errealitate Areagotua mundu fisikoan ikusten ditugun elementuen gainean soinean daramatzagun betaurreko batzuen bitartez elementu digitalak gainjartzea eta ikustea ahalbidetzen duen teknologia bat da. Ikusi bideoa
Ingurune industrialetan, segurtasunagatik, nahitaezkoa da langileak ingurunea ikustea, eta, beraz, langileari informazioa helarazteko edota prozesuak egiaztatzeko errealitate areagotua aukera ona da.
Errealitate areagotuaren teknologiaz lagunduta CNC makinen mantenu lanak egiten saiatuko gara proiektu honetan:
– Zeregin errepikakorrentzako urratsez urratseko gidak sortuko ditugu, prozesua balioztatuz teknologiaren bidez.
– Zeregin puntualetarako bideo asistentzia erabiliko da Lan hau Microsoften produktuak erabiliz egitea planteatzen da, hala nola Hololens 2, Dynamic 365 Guides eta Remote Assist.
Nodo honen helburua LHko ikastetxeak fabrikazio aurreratuaren esparruko azken joeretan parte hartzera bultzatzea da, ezagutzak euskal enpresa-sarearen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko. Horretarako, nodo honek LHko ikastetxeei ezagutarazten zaien lehentasun-mapa bat sortzeko behar den zaintza teknologikoa egiten du. Azterlan hori da proiektu posibleak identifikatzeko eta proiektu berriak abian jartzea sustatzeko oinarria. Proiektu posibleez gain, nodo horiek ikastetxeen arteko sinergiak eta lankidetzak sor daitezkeen espazioak dira.
Fabrikazio aurreratuko nodoa Euskadiko LHko Berrikuntzako Euskal Sistemaren barruan abian dagoen sare-nodoetako bat da. Sare-nodo horien bidez berrikuntza-estrategia aztertu eta LHko ikastetxeen sarera zabaltzen da. Horrela, Euskadiko Lanbide Heziketa Euskadiko Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategiaren eremu estrategikoekin lerrokatzen da.
Nodo honen helburua LHko ikastetxeak fabrika digital eta konektatuaren esparruko azken joeretan parte hartzera bultzatzea da, ezagutzak euskal enpresa-sarearen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko. Horretarako, nodo honek LHko ikastetxeei ezagutarazten zaien lehentasun-mapa bat sortzeko behar den zaintza teknologikoa egiten du. Azterlan hori da proiektu posibleak identifikatzeko eta proiektu berriak abian jartzea sustatzeko oinarria. Proiektu posibleez gain, nodo horiek ikastetxeen arteko sinergiak eta lankidetzak sor daitezkeen espazioak dira.
Fabrika digital eta konektatuaren nodoa Euskadiko LHko Berrikuntzaren Euskal Sistemaren barruan abian dagoen sare-nodoetako bat da. Sare-nodo horien bidez berrikuntza-estrategia aztertu eta LHko ikastetxeen sarera zabaltzen da. Horrela, Euskadiko Lanbide Heziketa Euskadiko Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategiaren eremu estrategikoekin lerrokatzen da.
Proposatutako proiektuaren ardatza fabrika bateko kalitate prozesua Adimen Artifiziala (AA) eta Computer Vision erabiliz automatizatzea da, zehazki fabrikazio elektronikoko PCBen (Printed Circuit Board) kalitate kontrola automatizatzea. Sistema modularra garatuko dugu, hardware eta software libreak baliatuta, Open Source filosofia bultzatuz, horrela kalitate kontrola beharrezkoa den beste edozein industrietara (elikadura, kimika, mekanizazioa, ehungintza…) moldatu ahal izango da. Proiektuan PCB fabrikazio lerro bateko PCB bakoitzean dauden elementu elektroniko ezberdinak identifikatuko dira eta beraien kokapena eta itxura egokiak diren analizatuko da Adimen Artifiziala erabiliz.
PCB-ak kalitate kontrola pasa duen edo ez adieraziko duen interfaze bat garatuko da. Akatsik balego, non dauden adieraziko dira eta horrela kalitate analisia egin ahal izango da: akatsak non kontzentratzen diren, zein maiztasunekin, zein portzentaiatan…
EIBAR Learning Factory proiektuaren zutabe nagusietako bat fabrikazio-inguruneetan IT/OT integrazioa eta datu-fluxu adimentsuak modu sistematikoan ezartzea da. Proiektu honen bidez ikastetxean Learning factory bat ezarriko da, bi gunerekin, fabrikazio aurreratuko gunea eta muntatze automatizatu eta adimentsu baterako gunea. Industria 5.0 ikuspegiko teknologia aurreratuak integratuz eta erronketan oinarritutako ikaskuntza (ETHAZI) eredua pauso bat urrutirago eraman eta ziklo artean aplikatuz.
Armeria Eskolak industria-eskaintza sendoa du, eta UNI Eibar-Ermua Lanbide Heziketako ikastetxeak, berriz, zerbitzuen sektorean garatu du. Bi ikastetxeen arteko osagarritasuna funtsezkoa da Eibarko hezkuntza eskaintza integrala garatzeko, eta horregatik, Eibar Learning Factory proiektua da lankidetza horren ardatz egoki eta estrategikoa.
Proiektu honek hortz-protesien diseinu eta fabrikazioan gertatzen ari den eraldaketa digitala aztertzen du, osasun- eta industria-sektoreak uztartuz eta diziplina anitzeko lankidetza sustatuz. Aho barruko eskanerren erabilera, 3D inprimaketa eta 5 ardatzeko mekanizazioak pazienteari erosotasuna, doitasun handiagoa eta epeak laburtzea ahalbidetzen dute, aldi berean material berrien erabilera bultzatuz eta kostuak murriztuz. Teknologia hauek kliniketan eta laborategietan gero eta gehiago aplikatzen ari dira, eta horrek lanbide-profil berrien beharra ekarri du.
EASO, Armeria eta Laudioalde ikastetxeek fase desberdinetan parte hartuko dute: eskaneatzea, neurketa, diseinua, fabrikazioa eta berifikazioa. Hortz klinikek eta Createch Medical enpresak babestutako proiektu honek Lanbide Heziketan profil berriak sortzea eta ikasleentzako prestakuntza eguneratua eskaintzea du helburu, sektore sanitario eta industrialen arteko sinergiak indartuz.
DistAMR proiektuak Lanbide Heziketako zentroetan dauden robot mugikor autonomoen (AMR) kudeaketa zentralizatua eta adimentsua ahalbidetuko duen sistema modular bat garatzea du helburu. Horretarako, teknologia irekiak eta estandar industrialak erabiliko dira, hala nola MQTT, Node-RED eta VDA5050, robot desberdinen arteko interoperabilitatea bermatzeko. Proiektua zentroetan gero eta gehiago dauden AMR roboten koordinazio beharrari erantzuteko sortu da, teknologia itxi eta ez-transferigarriak gaindituz. DistAMR sistemak robot bakoitzaren kontrol lokalizatua eta ikuspegi bateratua uztartzen ditu, eta esperientzia hori beste ikastetxeetara transferitzeko aukera eskaintzen du, baliabide irekiak eta dokumentazioaren bidez. Diseinu modularra eta software librean oinarritutako arkitekturak eskalagarritasuna eta egokitzapena bermatzen ditu.
Proiektu honen helburu nagusia baso-suteak goiz detektatzea da adimen artifiziala eta IoT teknologiak uztartuz, eta horrela klima-aldaketaren aurkako borrokan ekarpen eraginkorra egin. Proiektu honek ingurumenaren zaintza eta teknologia adimenduna uztartzen ditu, ekosistemak babestu eta CO₂ emisioak murrizteko.
Proiektuak baso eta mendi inguruak digitalizatu eta monitorizatzeko sistema bat garatzea proposatzen du. Garatuko den sistemak, ingurune naturaleko suteak goiz detektatzeko sistema adimenduna du oinarri, ingurumen-sentsoreak, ikusmen konputazionaleko kamerak eta Adimen Artifizialeko algoritmoak konbinatzen dituena. Bere helburua larrialdiei azkarrago erantzutea, ekosistema kalteberak babestea eta basoen eta inguru naturalaren kudeaketa jasangarria sustatzea da. Horrez gain, suteen hedapena aurreikusteko eta erantzun estrategiak planifikatzeko, sua simulatzeko programa bat erabiliko da.
ReMaKET proiektuaren helburua da Lanbide Heziketa teknikoan baliabide aurreratuetarako sarbidea erraztea, industria-maketen urruneko laborategi bat sortuz. Plataforma horri esker, ikasleek denbora errealean jardun dezakete PLC eta IP kameren bidez kontrolatutako maketa fisikoekin, automatizazio industrialeko ingurune errealak simulatuz. ReMaKETek irakaskuntza teknikoa modernizatzeko beharrari erantzuten dio, ekipamendu-mugak gaindituz eta edozein tokitatik benetako praktikak bultzatuz. Eraldaketa digitalarekin eta Industria 4.0ren estrategiekin lerrokatuta, proiektuak funtsezko gaitasunak eskuratzea bultzatzen du, hala nola urruneko kontrola, elkarlana eta sistema ziberfisikoen erabilera. Horrela, prestakuntza malgua, inklusiboa eta egungo lan-ingurunearen eskaeretara egokitua bermatzen da.
- Tailerreko baliabideak 4.0 industriarantz biki digitalen laguntzaz
- Delta robota
- Makinen arteko komunikazio adimentsua
- Industria 4.0: Lantegi adimendunak
- Sentsore adimendunak eta zibersegurtasuna
- 4.0 Gailu adimenduna eta elkarlanekoa
- Birtual BOT
- EMEU
- Euskararen baloia
- Euskara Ethazi erronketan
- Instalazio fotovoltaikoa
- Biki digitala
- Azalera handiko 3D inpresioa
- Metrologia in Process
- Industria 4.0
- Alderantzizko Ingenieritza
- Aulki Robotizatu Autonomoa
- Biki digitala VR
Proiektu honek kontzeptu bi uztartzen ditu, batetik biki digitala eta bestetik murgiltze gela interaktiboa. Helburua biki digitala murgiltze gela interaktiboetan ezartzea da. Proiektuaren azalpen bideoa
Biki Digitalaren teknologiak bultzada handia izan du dituen abantaila hauengatik:
- Benetako inbertsio baten aurretiko froga erreala egiteko aukera eskaintzen du.
- Instalazioetako berariazko probak egin ahal daitezke.
- Funtzionamendua gainbegiratu daiteke
- Disfuntzioak aurreikustea eta zergatiak aztertzea ahalbidetzen du.
- Instalazioarekin elkarreragiteko aukera ematen du
- Formaziorako aukera eskaintzen du
Makina edo instalazio baten atal mekanikoak simulatzeko SIEMENS NX eta MCD (Mechatronic Concept Design) softwareak erabiliko dira, automatizatzeko Tia Portal programa eta biak uztartzeko PLCSIM advanced softwarea.
Ingurune birtualetan ahalik eta modu errealenean murgiltzeko DIGALIX etxeko hiru pantaila interaktibo erabiliko dira eta esperientzia areagotzeko SIEMENS NX design VR softwarea.
Proiektu honek Mekatronika Industriala eta Automatizazio eta Robotika Industriala zikloetako ikasleei Biki Digitalari buruzko gaia lantzeko aukera emango die, beraien esperientzia eta curriculuma aberastuz.
Delta robotak oso eraginkorrak dira industriako hainbat alorretan (elikagaien industria, pisu gutxiko piezen handling-a…) eta ez daude lanbide heziketako ikastetxetan hedatuak. Bestalde, Armeria Eskolan Siemens etxeko ekipamenduekin eskarmentua dugu, bai eta diseinu mekanikoan eta muntaketan ere. Jakintza guzti horiek eta gaur egungo aurrerapen teknologikoak uztartuz, Delta Picker motako robot bat egiteko proiektu hau martxan jarri dugu.
Siemens etxeko Motion Control eragingailuak, S71517TF PLC bat, mekanizatutako edo fabrikazio aditiboz egindako piezak, eta pieza komertzialak erabiliz, Delta Picker motako robot bat egitea da helburua. Robotaren diseinua Biki Digital baten bitartez simulatu eta baliozkotuko da, baita Industria 4.0 teknologia gehienak uztartu ere (RFID irakurgailua, ikusmen sistema, IoT, Safety integratua).
Industria 4.0 esparruan, funtsezkoa ikusten da ekoizpen- eta neurtze-makinen arteko komunikazio adimenduna garatzea, eta horixe izango da proiektu honen helburua: tornu-makina eta laser-neurgailu baten arteko komunikazio garatzea.
Makinak eta neurgailuak zelula autonomo bat osatuko dute. Tornua mekanizatzen ari den pieza laser bidez neurtuko da, eta detektatutako neurketak tornura bidaliko dira unean uneko akatsak konpentsatzeko.
4.0 Industria, industria-ekonomiaren korronte nagusi bihurtu da. Termino hori 2010eko hamarkadaren hasieran sortu zen Alemanian, industriaren eraldaketa digitalaren prozesuari izena emateko, eta gaur egun oso presente dago industria osatzen dute azpisektore guztietan.
Armeria Eskolan industria 4.0-rekin lotutako teknologiak garatzeko zelula integratu bat instalatu dugu, ekoizpen prozesuak simulatzen dituena. Zelula integratua erabiliz, ikasketa-jarduerak garatu eta ondorengo teknologiak hauek landuko dira: Bisio artifizialeko kamerak, RFID identifikatzaile eta irakurleak, IO-Link sentsore adimendunak, MES ekoizpen kudeaketa sistema, komunikazio industrialak, HMI pantailak…
Proiektu honen bidez, ikasleak inguru industrial aurreratuetan lan egiteko prestatuko dira, eraldaketa digitalak dakartzan erronkei aurre eginez.
Sentsore adimendunek informazioa sortzen den tokian bildu eta prozesatzen dute eta automatizazioaren “begi eta belarri” lanak egiten dituzte. IO-Link sistemari esker, sentsoreak eta eragingailuak prozesuen parte aktiboa bihurtu dira. Igorle gisa, modu autonomoan jakinarazten dituzte akatsak eta kontrol-egoerak. Hartzaile gisa, itzulera-seinaleak jasotzen dituzte eta prozesatu egiten dituzte. Horren emaitza kostuak balio-kate osoan optimizatzea da.
Bestalde, zibersegurtasuna lehentasun bihurtu da enpresentzat. Eraso zibernetikoek ugaritu egin dira azken aldian eta enpresak profil espezializatuak txertatzen ari dira, erasoak detektatu, prebenitu, gainbegiratu eta zuzentzeko.
Proiektu honen bidez, gailu adimendunak eta lankidetzakoak diseinatu eta fabrikatuko dira, benetako lan-ingurune batean gizakiekin elkarreragin fisikoa izateko.
Gailu horiek informazioa modu seguruan trukatuko dute 4.0 industriako teknologia disruptiboen bidez, hala nola gauzen Interneta, zibersegurtasuna eta cloud soluzioak. Gainera, gailuaren zenbait zati 3D teknologiarekin fabrikatuko dira.
Gailu horren garapena, diseinua, kontrola eta inplementazioa Siemens teknologiaren bidez egingo da, landuko diren atalak hauek izango direlarik: ardatz elektrikoen mugimenduak kudeatzea eta kontrolatzea, gailuaren funtzionamendua kontrol pantailetan bistaratzea, pertsonen segurtasuna bermatzea, maila guztietan komunikatzea eta modu erreal eta eraginkorrean instalazioa abian jartzea.
Roboten erabilera oso zabalduta dago industrian eta lanbide heziketako ikasleak roboten erabileran formatu beharra dago. Hala ere, robotak duten prezioagatik, ez da erreza ikastetxe batean robot ugari eta fabrikatzaile ezberdinetakoak eskuragarri izatea.
Proiektu honen helburua, edozein ingurunetan erabiltzeko robot birtualak sortzea da. Hori lortzeko, roboten simulazioa eta errealitate birtuala eta errealitate areagotua uztartuko ditu proiektuak. Honela, ikasleek robotekin praktikak egiten ahal izango dute modu birtual batean, robot fisiko baten beharra izan gabe.
Sistema honek erraztasun eta malgutasun handiak ematen ditu, alde batetik robot fisikoen beharra kentzen duelako eta bestalde hainbat motatako robotak eta inguruneak erabiltzea ahalbidetzen duelako.
EMEU Programak gero eta globalagoa den lan-merkatu batean nazioarteko esperientzia hartzeko aukerak eskaintzen dizkie ikasle eta irakasleei. Programa honek mugikortasun birtualak (LHko ikastetxeen arteko lankidetza Internet bidez) zein errealak (2-3 asteko ikaskuntza-moduluak Emeu sareko zentro batean) jasotzen ditu.
SD Eibar Fundazioak, Armeria Eskolarekin elkarlanean, egindako proiektuaren helburua Eibarko haurren artean euskararen erabilera sustatzea da.
Aurtengo edizioan, Armeria Eskola izan da ekimen honen protagonista den baloiaren diseinuaz eta ekoizpenaz arduratu dena.
Euskararen Baloia ekimenak Ipuruako obretan aurkitutako baloi baten istorioa kontatzen du. 1899an auzoko bizilagunek Andres Gorosabeli eskatu zioten baloi hori, eta honek mandatua onartu zuen baldintza batekin: Eibarko haurrek baloi hori erabiltzeko euskaraz aritu behar ziren. Gorosabelen lekukoa hartuta, klubeko hainbat kidek, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek, baloi horren historia bikaina kontatzen diete ikasleei.
Eskolako Hizkuntza Proiektuaren helburuak garatu eta euskarazko hezkuntza eskaintza bermatu eta zabaldu ahal izateko, Armeria Eskolak, 2019/20 ikasturtean, heziketa zikloetako Ethazi erronketan euskara ikastaroak ezartzea erabaki zuen. Proiektu pilotua Telekomunikazio eta Informatika Sistemak zikloan gauzatu zen, eta lortutako arrakasta ikusita, pixkanaka gainerako heziketa-zikloetara zabaldu nahi da.
Proiektuak Eibarko Udalaren babesa du, eta irakastordu barnean ikastaroa emateko arduradunak Eibarko Udal Euskaltegia eta AEK dira. Ikasturte hasieran bi maila egiten dira, B2 eta A0. Lehenengoek euskara teknikoa indartzen dute: proiektuen dokumentuak, lan elkarrizketak, curriculumak, aurkezpenak… A0 taldeko ikasleentzat, berriz, lehen harremana izan ohi da euskararekin, beren burua eta taldea aurkezten ikasten dute, eta gure herriko kulturan integratzeko gonbita egiten zaie.
Duela 20 urte, Armeria Eskola aitzindaria izan zen 2,5kWp-tako instalazio fotovoltaikoa jartzean, eta urte batzuk geroxeago, bigarren instalazio bat egin zuen EVEren laguntzarekin.
2019. urteko lege aldaketak bultzatuta, autokontsumorako instalazio bat egitea erabaki eta 85 plaka berri jarri ditugu frontoi gaineko solariruan. hirugarren instalazio hau 38,68kWp potentziakoa da eta gure eraikinak urtean kontsumitzen duen argindarraren %23,5 ekoitziko du. Konpentsaziodun autokontsumokoa da, hau da, sortzen duen energia kontsumitzen dena baino gehiago denean soberakina sarera sartzen da. Aldiz, kontsumoa handiagoa denean, fakturatik konpentsatzen da. Hasieran, inbertsioa 7 urtetan amortizatzea aurreikusten bazen ere, argindarrak gaur egun duen prezioarekin, litekeena da epea 4 urtetara murriztea. Instalazioak denbora errealean sortutako energia lotura honetan ikus dezakezu-
48.539,4 euroko dirulaguntza izan dugu Europako NEXT Generation funtsetatik eta 29.002,5 eurokoa jasotzea espero dugu Euskal Energiaren Erakundetik.
Makina bat, eta modu zabalagoan prozesu bat, Industria 4.0ko makina adimenduna bihurtzeko jarraitu beharreko prozedura guztia aztertu eta zehaztuko da proiektu honetan, gida bat osatuz. Horretarako, makina zehatz bat birtualizatuko da, prensa bat, gero gida beste edozein makina / prozesura orokortuz.
Teknologiaz haratago, sortuko den gida honetan, makina edo prozesu bat digitalizatzeak dituen beste inplikazioak ere aztertuko dira: eskatzen duen prestakuntzan, enpresaren egituran, departamentuen arteko lan kolaboratiboan, egiteko moduen eguneraketan, etab.
Makina adimendua lortzeko prozesu hau benetako makina batekin landuko da, eta funtzionala izango den makina birtual bat lortzea da helburua, teknologia hauek landuz: BIKI DIGITALA, ZIBERSEGURTASUNA, PROTOKOLO IREKIKO KOMUNIKAZIOA, EDGE¬CLOUD COMPUTING eta ERP.
Fabrikazio gehigarriko teknologian eskala handiago batetara jauzi egitea da helburua, bide horretan emaitza arrakastatsuak lortzen ari diren atzerriko esperientzien estrategia jarraituz. Esperientzia guzti hauetan plastikozko galautsa da lehengaia eta robot batek du materiala inprimaketa gunean modu egokian kokatzeko ardura.
Proiektu honen bidez, teknologia horrekin esperimentatu nahi da, eskaintzen dituen garapen-aukerak aztertzeko eta, aldi berean, proiektuan parte hartzen duten irakasleek ikasgelara transferituko diren gaitasunak eta ezagutzak eskuratuko ditu. Horrela, horrek guztiak gure ikasleei eta jasotzen duten prestakuntzari mesede egingo die.
Metrologiaren joerak jarraituz, berrikuntza arlo honek Makina Erremintan bertan egindako neurketa aztertu eta ikertzen ditu, “Zero akatsetara” hurbiltzeko helburuarekin, piezarik askatu gabe.
Gaur egungo industria 4.0 ingurune baten metrologia gero eta gehiago prozesuan txertatzen ari da. Prozesu baten kalitatea bermatzeko etapa guztiak modu integratuan izateak badu teknologikoki zailtasunak eta proiektu honen bidez integrazio horren ezarpena aztertzen ari gara.
Bestalde, integrazio honek onura garbiak izango ditu produkzio linea baterako, besteak beste, eraginkortasuna, produktibitate hobekuntza eta prozesuko etapa ezberdinak modu automatikoan garatzea.
Armeria Eskolako Industria 4.0 lantaldearen helburua 4.0 industria-teknologien garapenak ikastetxearen prestakuntza-eskaintzan nola eta zer neurritan eragiten duen aztertzea da. Azterlan honen bidez, gure ingurunean gehien eskatzen diren profil profesionalen konpetentziak eta gaitasunak nola bilakatzen ari diren ikusi nahi dugu.
Lantalde horren analisia koordinatzen eta kontrastatzen da parte hartzen dugun sare-nodoetatik datorrenarekin, gure prestakuntza-eskaintza egokitzeko; edukietan, instalazioetan eta ekipamenduetan lan-merkatuaren premia berrietara eguneratuz.
Fabrikazio mekanikoko diseinuaren barruan, alderantzizko ingeniaritzak aukera ugari eskaintzen ditu. Armeria Eskolak doitasunezko eskanerrak ditu, eta, horiei esker, objektuaren dimentsioak modu zehatz eta eraginkorrean atzeman daitezke, eta, horrela, beharrezko informazioa ateratzen da itxuraren eta funtzionaltasunaren ezaugarri egokiak dituzten diseinu berriak sortzeko.
Lantalde honen helburua alderantzizko ingeniaritzako teknologiak Armeria Eskolari eskaintzen dion eskaintza garatzeko eta berritzeko aukerak aztertzea da, bai prestakuntzaren ikuspegitik, bai Tkguneren bidezko zerbitzuaren ikuspegitik.
ASPACE Gipuzkoaren lankidetzarekin, proiektuaren helburu nagusia ROS eta adimen artifizialean oinarritutako aulki robot autonomo erreplikagarri bat diseinatzea eta eraikitzea da, garun-paralisia eta mugikortasun arazo larriak dituzten neska-mutilak modu autonomoan mugi daitezen.
Sistemak IAren algoritmoak erabiliko ditu ingurune kontrolatuetan nabigazio autonomoa ahalbidetzeko, erabiltzaileen behar eta muga fisikoetara egokituz. ROSekin, sentsoreen, motorren eta kameren integrazioa errazten da, robotari bere ingurunea mapatzeko, oztopoak saihesteko eta erabakiak denbora errealean hartzeko aukera emanez. Helburua da eredu erreplikagarri, moldagarri eta irisgarri bat sortzea, eta, horri esker, erakunde gehiagok inplementatu ahal izango dute, beren behar espezifikoen arabera.
Gainera, alderantzizko ingeniaritza erabiliz, robot autonomo Open bat garatuko da, bai elektronikako heziketa-zikloetan, bai Skills probetan ustiatu daitekeena, sektorearen ikusgarritasuna areagotzeko eta eskatzen duten langile kualifikatuen defizit handia murrizteko. Proiektuaren azalpen bideoa
Biki digitalak makinaren alde mekanikoa eta automatikoa uztartzen ditu. CAD software batekin egin den 3D modeloa eta automatizazio software batekin egin den programa uztartzen ditu. Makina berrien diseinu epeak laburtzen ditu, mekanikoek eta programatzaileek aldiberean egin dezaketelako lan proiektu berdinean. Bestalde lan biak aldiberean egiteak erroreen detekzio goiztiarra ahalbidetzen du.
Biki digitala VR proiektuan Machines Simulator softwarea probatuko dugu lan honetarako. Honen berezitasuna bikia errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusteko aukera da.
Sortutako materiala MTI zikloko moduluetan eta murgiltze gelan erabiliko da

