Uxue Barkos Berruezo omenduko dugu Ondo Egindako Lana sariekin
Datorren urtarrilaren 20an, arratseko 6:30tan, Eibarko Armeria Eskolan, Uxue Barkos Berruezo omendu eta errekonozituko dugu Ondo Egindako Lana programaren 14. saioan.
Uxue Barkos Berruezo, kazetaria, Iruñeko zinegotzia, Gorteetako diputatua eta Nafarroako lehendakari ohiaren politika egiteko beste modu bat azpimarratu nahi dugu. Aniztasunean eta errespetuan oinarritutako politikaren zintzotasuna eta dotorezia aitortu eta eskertzeko aukera izango dugu.
Uxuek, Xabier Lapitz kazetariarekin, edukiko duen ordubeteko solasaldi ireki eta interesgarrira gonbidatzen zaitugu. Ekitaldia irekia denez, interesatuoi eskatuko genizueke etortzeko asmoa baduzue aurrez baieztatzea 943 20 32 44 telefonora deituz.
Armeria Eskolaren Ondo Egindako Lana programa bilgune bat da non lan esparru anitzetako profesionalek, euren ideiak eta gogoetak, solasean partekatzen dituzten; Euren lan onaren oinarriak eta gakoak azaltzen eta elkarbanatzen dituzten Foroa; Aritu eta adituengandik ikusi eta ikasi daitekeen Bilgunea; Azken batean, Lanaren, ahaleginaren eta dezentziaren baloreak gizarteratuz, “ondo egindako lana”, geure etorkizunerako oinarrizko estrategia gisa baliatzeko.