
Hezkuntza publikoko komunitateak irakasleen greba deialdiarekin bat egiteko deia egin dute
Urtarriletik apirilera bitartean, %90eko ordezkaritza duten STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta,
bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek. Orain arte Hezkuntza sailak luzatutako proposamenek, bestalde, ez diete erantzun
egokirik ematen aldarrikatutako edukiei. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta direla adierazi dute behin
eta berriro.
Hala, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba
egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.
Gogoratu beharra dago indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa dela, hortaz, 15 urte luze daramatza
Eusko Jaurlaritza hura berritu gabe. Aipatzekoa da ere apirilaren 10ean iragarri zituztela maiatzeko grebak, eta
ordutik sindikatuek ez dutela Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik jaso.
Irakaslegoaren egungo egoera gero eta kezkagarriagoa da eta gure ikasleen ikaskuntza prozesua hobetzeko baliabide
berriak behar ditugula uste dugu, besteak beste; gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak
adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena
berreskuratzea, eta jaiotza-tasa aitzakia hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren
aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa
euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan
egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta
azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatzen dute.
Ikas komunitatea eta guraso askok arduraz begiratzen dute egun dugun egoerari. Seme-alaben eta gure ikasle direnen
hezkuntza kalitatea jokoan dago. Hau dela eta, hezkuntza komunitate guztiak deialdi bat egin du grebak babestu
eta aldarrikapenekin bat egiteko. Hala, maiatzaren 10ean, larunbata, denak elkartu eta manifestazioak egingo
dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:00etan, eta Bilbo eta Gasteizen 18:00etan.
Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa
baliabideez hornitzea gure seme-alaben hezkuntza kalitatea hobetzeko.