2021-2022 ikasturtea martxan!
Pasa den irailaren 1ean atea zabaldu genion ikasturte berriari Armeria Eskolako plantila osatzen dugun 95 langileok. Gehienok errepikaten badugu ere, irakasle berriak batu zaizkigu mekanika, elektrizitate, elektronika eta zeharkako alorretan.
Asteazken honetan, irailaren 9an, ikasleei egingo diegu harrera. Aurten 500 ikasle inguru izango ditugu hasierako formakuntzan -goi eta erdi-mailako zikloetan eta Metrologia Espezializazioan- eta beste horrenbeste Enplegurako Prestakuntza ikastaroetan.
Pandemia garaiko bigarren ikasturtea den honetan, COVID neurriak bere horretan mantenduko ditugu. Iaz bezala musukoa eta distantzia soziala derrigorrezkoak izango dira ikastetxe barruan. Sarrera-irteerak modu mailakatuan egingo dira, ordutegi eta espazio fisiko ezberdinak erabilz.
Goi-mailako ikasleei irailaren 9an emango diegu ongietorria. Metrologia Espezializazioko ikasleek irailaren 13an izango dute aurkezpen ekitaldia eta erdi-mailako ikasleak irailaren 14an hasiko dira.
Ikasketei dagokienez, aurtengo berrikuntza hiru zikloetako lehenengo mailako ikasleentzako proiektu pilotua izango da. Izan ere, ikasle hauei guztiei aukera emango zaie lan praktikak burutzeko ikasturtearen azken hiruhilekoan.
Gure gizartearen erronkekin bat eginez, Agenda 2030-ko helburuak gure egiten ditugu eta hiru lan-ildo nagusi zehaztu ditugu ikasturte berrirako: sentsibilizazio saioak antolatzea ikasle eta irakasleentzat, bertoko arbolen landaketa eta hiriko paisaia berdetzeko lorategi bertikalak sortu eta mantentzen ikasten hastea.
Ikasturtean zehar, hurrengo lau urtetarako euskara proiektua prestatzen arituko gara, Skills txapelketetan lehiatuko gara, nazioartekotze sarea eta ekintzak zabaltzen eta garatzen jarraituko dugu eta espazioak eta tailerrak berrizten segituko dugu.
Ikasketa prozesua etengabe hobetzeko konpromisoa berretsiz, digitalizazioan jarriko dugu gure esfortzua eta indarra, ETHAZI metodologian aurrera eginez, azpiegitura eta baliabide teknologikoei zentzu pedagogikoa emanez.