Zilarrezko Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria, lortu du Armeria Eskolak
Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen duen zilarrezko Bikain, Euskararen Kalitate Ziutagiria, lortu du Armeria Eskolak 700 eta 749 bitarteko puntuazioarekin, hau da, urrezkoaren atarian geratuta.
Bikainera aurkezteko proposamena Hizkuntza Normalizazio Taldeak egin zuen pasa den ikasturtean eta zuzendaritzaren onespena izan du bide guztian zehar. Pandemiaren ondorioz, ebaluazioa azarora arte atzeratu zen eta ziurtagiria abenduaren 15ean eman zen Euskalduna Jauregian.
Bi eguneko ebaluazioaren ondoren Bikainek indargune hauek nabarmendu zituen:
- Ikastetxeak ahalegin berezia egin du azken urteotan euskarazko hezkuntza-eskaintza ahalik eta gehien zabaltzeko.
- Erakundeko pertsonek euskara normalizatzeko proiektuarekin bat egiten dute eta konprometituta daude ezarritako helburu nagusiekin. Proiektuak lidergo sendoa du.
- Ikastetxeak barrura begira euskaraz funtzionatzen du eta kanpora begira ere euskarazko irudia ematea lortu du.
Bestalde, aurrera egiten lagunduko duten palankak eta zer hobetuak ere adierazi dituzte, eta dagoeneko Armeria Eskola ekintzak planifikatzen hasi da hobekuntza horiek lortzeko.