Lan-poltsa enpresei eta Armeria Eskolako ikasleei eskaintzen zaien zerbitzua da. Zerbitzuaren helburua ikasleen laneratzea erraztea eta enpresen langile beharrak asetzea da. Horretarako, jasotzen ditugun lan-eskaintzak ikasle ohien eta irakasleen artean zabaltzen ditugu astean behin.
Zerbitzua erabili ahal izateko, web aplikazio bat jartzen dugu zure eskura, enpresa izanez gero lan-eskaintzak kudeatzeko, eta ikasle ohia izanez gero, curriculum vitae-a igotzeko. Zerbitzu honen bidez Armeria Eskolak bitartekari-lana egiten du ikasle ohiaren eta enpresaren artean.
Urratsbat Armeria Eskolako zikloetako eta ikastaroetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendutako zerbitzu bat da. Programan partehartzen duten sustatatzaileek Armeria Eskolako aholkularitza izateaz gain, bertako baliabideak ere eskura dituzte, hala nola, bulegoa, tallerrak, ekipoak eta beharrezko instalazioak.
Armeria Eskolak enpresa proiektuen dinamizazioaz eta tutorizazioaz arduratzen den pertsona bat eskaintzen du, promotoreari, bere enpresaren sorrera prozesuan aholkularitza eskainiko diona eta bere ondoan laguntzaile gisa arituko dena.
Lanbide-konpetentziak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduratzat ulertzen da lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentziak ebaluatu eta zuzentzera bideratutako jardunen multzoa. Uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan (BOE, 2009ko abuztuaren 25a) eta azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan (EHAA, 2015eko azaroaren 18a) dago araututa.
Prozeduraren helburuak hauek dira:
- Langileen kualifikazio- eta egiaztapen-maila hobetzea. Horrela, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektoreen kualifikazio-beharrizanei erantzuteko.
- Aukera-berdintasuna bultzatzea trebakuntzaren bidez eta kualifikazioak aitortuz.
- Pertsonei beren ikaskuntza ez-formal eta informalak baliatzeko aukera ematea, haien aurrerabide profesionala suspertzeko.
- Pertsonak motibatzea bizialdi osoko ikaskuntzarako eta lanbide-kualifikazioa areagotzeko.
Tkgune zerbitzuaren helburu nagusia Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen artean noranzko biko jakintza-transferentzia ahalbidetzea da. Zubilan honekin bi dira lortu nahi diren emaitzak:
- Proiektuak enpresekin lankidetzan garatzea, haien berrikuntza-beharrei erantzuteko eta lehiakortasuna hobetzeko, horretarako ikastetxeek dituzten baliabideak erabilita (instalazioak, ekipamenduak, pertsonak, jakintza metatua…). Horrela, ikastetxeek metatutako jakintza enpresek beren eskueran izatea.
- Proiektuak garatzean eskuratutako jakintzak didaktifikatzea eta irakaskuntzara transferitzea. Horrela, enpresen errealitatea Lanbide Heziketako ikastetxeetara hurbilduz.
Armeria Eskolak eskaintzen dituen zerbitzuak honako arlo hauek biltzen dituzte:
- Mikromekanika eta Fabrikazio aurreratua.
- Sistema automatikoak, robotika eta ikusmen artifiziala
- Diseinua eta 3D inprimaketa.
- 3D eskaneatzea eta Alderantzizko Ingeniaritza
- Metrologia.
Ikusi gure katalogoa
Informazio gehiagorako: Tkgune
“Eskuadra Zaharra” museoak Armeria Eskolaren iragana batzen du, bere bizitzako lehen ehun urteetan gertatutako mugarri nagusien ibilbide kronologikoan zehar. Gure Museoaren izena Eibarko “Eskuadra Zaharra” koadrilatik dator. Koadrila horrek garai hartan ministro zen Fermin Calbeton jaunari laguntza eskatu zion Eibarren Eskola bat eta Armen Museoa eraikitzeko.
Museoa 2013ko urtarrilaren 23an inauguratu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alfonso Echeverria eskolako “historiko” batek, eskolaren mendeurrena ixteko ekitaldian.
Berrogei metro koadro inguruko gela da, eta bertako hormek argazkien eta aipamenen bidez gure Eskolaren historiaren laburpena jasotzen dute, 1912tik 2012ra. Era berean, urte hauetan zehar Eskolako ikasleek egindako hainbat lan eta Eskolari emandako errekonozimendu nagusiak azaltzen dira, horien artean, 1951n Espainiako Hezkuntza Ministerioak emandako Alfontso X.a Jakituna Ordenaren Gorbata eta 1987an Aldundiak emandako Gipuzkoako Urrezko Domina, mendeurrenaren ospakizunean jasotako beste batzuekin batera.
Era berean, bitxikeriak ikusteko aukera eskaintzen da, hala nola Fermin Calbeton jaunak 1913an gure eraikineko lehen harria jartzeko erabilitako paleta eta Julian Echeverria Orbeak, hogeita bost urtez Eskolako zuzendaria izandakoak, erabilitako altzari eta objektu batzuk.
Museoa zabalik dago, eta bisitatzeko hitzordua erreserbatu daiteke 943 20 32 44 telefonoan.
Orientazio pertsonal, akademiko eta profesionaleko zerbitzua da, bai ikastetxeko ikasleentzat, bai zentrotik kanpoko eskatzaileentzat. Helburu hauek ditu:
- Irakaskuntza eskaintzak eta ezarritako betekizun akademikoak eskuratzeko bideei buruzko informazioa ematea, beti ere, informazioa eskatzen duten pertsonen baldintzak, beharrak eta interesak kontuan hartuta.
- Ikasteko aukerei eta prestakuntza-ibilbideei buruzko informazioa eta orientazioa ematea, honela, laneratzea eta enpleguaren hobekuntza erraztuz.
- Lan-munduan eskatzen diren lanbide-gaitasunak eta kualifikazioak eskuratzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko aukerei buruzko informazioa ematea.
Herritarrei bizitza osoko prestakuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arloko aholkularitza, bitartekaritza eta informazioa emateko zerbitzua. Eginkizun nagusiak hauek dituena:
- Doako eta banakako aholkularitzaren bidez, pertsona bakoitzaren prestakuntza-beharrak zehaztea.
- Eskualdean dauden prestakuntza-ekintzei buruz informatzea.
- Atzerriko titulazioak homologatzen laguntzea.
- Lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurari buruz informatzea.
- Hainbat gairi buruzko talde-tailerrak sortzea.
Lan-orientazioko zerbitzua, honako ekintza hauek eskaintzen dituena:
- Lanbideko eskaintza eguneratzea.
- “Darde”-a berritzea.
- Aholkularitza indibidualizatua eta laguntza enplegu-bilaketa aktiboan (lan-helburuaren definizioa, curriculum vitaea idaztea, lana bilatzeko bideak, hautaketa-prozesuei aurre egitea, lan elkarrizketak, etab.).
- Talde-tailerrak.
Txandakako LH Dualak estutu egiten ditu irakasle, ikastetxe eta enpresen arteko harremanak, kualifikazio handiko profesional berriak, egungo lan mundurako prestatuak, hezte aldera.
Ikaslearentzako onurak:
- Ikasleek benetako lan-egoeretan ikasi eta lan-esperientzia handia lortzen dute.
- Egindako lanaldiarekiko proportzionala den ordainsaria jasotzen dute, kontratuaren edo hitzarmenaren arabera, eta Gizarte Segurantzan kotizatuz hasten dute beren lan-bizitza.
- Enplegagarritasuna hobetzen du.
Enpresarentzako onurak:
- Langile kualifikatuak, Euskal Herriko enpresen ekoizpen sarearen premietara egokitutakoak eta enpresetako prozesuetan eta kulturan ikasitakoak prestatzen ditu.
- Enpresak ikasleak ezagutzeko eta hezitzeko aukera du.
- Esperientzia honek enpresako belaunaldi-erreleboa errazten du.
Informazio gehiago Hezkuntzako web orrian aurkituko duzu.
Zure enpresan Duala egiteko ikasleren bat nahiko bazenu, bete formularioa