
Lehen hezkuntzako ikastetxeen bisitak Armeria Eskolara
Ikasturtean zehar inguruko eskoletako hainbat bisita jaso ditugu Armeria Eskolan: Oinarrizko lanbide heziketako ikastetxe zein bigarren hezkuntzako ikastetxeen bisitak izan dira gurean. Batzuk Armeria eskolako elkarteak dinamizatutako proiektuekin lotuta, beste batzuk Ermua zein Eibarko ikastetxeekin elkarlanean, inguruko herrietako gazteei Armeria Eskolako eskaintza formatiboa erakusteko aukera eman digu.
Maiatzean Eibarko CEPA-n ikasle diren talde bat ere izan genuen bisitan Armeria Eskolan; migratzaileak guztiak, gehienak emakumezkoak, lanbide heziketan industria arloko formakuntzan ere eurentzako tokia dagoela ikusteko aukera izan zuten eskolan: ‘C graduen’ eskeintza ezagutu, eta eskolako tailerrak ikusi zituzten.
Azken asteetan Lehen hezkuntzako umeak izan dira etorri direnak Armeria Eskolara. Eibarko Iturburu ikastolatik LH2ko 75 ikasle etorri ziren, ‘altxorraren bila’ jolasean murgilduz Armeria eskolako eskaintza eta tailerrak ezagutzera. Ermuko Anaitasuna ikastolakoak, LH4ko 40 ikasle izan dira bisitan etortzen azkenak, Armeria Eskola barrutik ezagutu eta primeran pasatu zuten ‘altxorraren bila’ jolasean ogibide ezberdinak ezagutzen.
Ugariak izaten dira ere jubilatuen bisitak Armeria eskolan. Hainbat belaunaldi hezi izan duen Armeria Eskola, erreferente garrantzitsua da adineko pertsonentzat ere. Asko, bertako ikasle ohi direnak, azken urteetan eskolak izan duen eraldaketa ezagutzera etortzen dira: Beste garai batzuetako gela, tailer eta makinak nola eguneratu ditugun ikusi, eta espazio berrietan metodologia kolaboratiboak nola aplikatzen diren ezagutzeko parada izaten dute.
Armeria Eskola guztiona da, irekita dago Eibarko zein inguruko ume, gazte eta heldu guztiei.
Eskolako eskaintza zein tailerrak ezagutu eta zure ibilbide profesionalean laguntzarik behar baduzu, zatoz gurera!
Ongi etorri denok Armeria Eskolara,
Aukerarik onena, etorkizuna duena!