Elkarlaneko Robotika Espezializazioa martxan da
Armeria Eskolan hasi berri da elkarlaneko robotikan espezializatzeko kurtso berria. Aurtengo edizioa 7 ikaslerekin abiatu da, eta horietatik 5 berriak dira gure zentroan. Gehienek dagoeneko lortu dute enpresa bat Dual formakuntza egiteko, eta euren prestakuntza-lana osatuko dute bertan.
Kurtsoan parte hartzen duten ikasleek elkarlaneko robotikako proiektuak garatzeko gaitasun orokorra lortuko dute, beso robotikoekin zein robot mugikor autonomoekin lan egiteko prestakuntza jasoaz. Gainera, proiektuen muntaia, abian jartzea eta mantentzea ere egingo dute, betiere kalitate, segurtasun eta ingurumen-irizpideak errespetatuz.
Teknologian inbertsio handiak
ABB, UR eta Omron LD-90 AMR motako robotak bezalako teknologietan inbertsio handiak egin dira eta, Industria Mantentzearen Digitalizazioa espezializazioarekin elkarlanean arituz, ekipo hauen muntaia, instalazioa, konfigurazioa eta programazioa landuko dira, Industria 5.0 gune aurreratu bihurtzeko lehen pausoak ematen direlarik.
Datozen ikasturtetan LCAMP Fabrikazio Aurreratuko Aliantza internazionalaren barruan, linea automatizatu bat -ikaskuntza-lantegi osatua- sortuko da ikasle gazteak zein helduak prestatzeko, eguneratzeko eta hausnartzeko, trantsizio digitalei eta berdeei arrakastaz aurre egiteko.