Mekatronikako eta Robotikako ikasleak nazioartekotze elkarlanean aritu dira tailerrak berdeago egiteko
Atzerriko hizkuntza-gaitasuna garatzeko asmoz, Armeria Eskolako Mekatronika zein Robotikako hamabost ikaslek eta BSMDM Municheko hamalau ikaslek elkarri lagundu diote tailerrak berdeago egiteko beharrak identifikatzen eta estrategiak ikasten bitarteko digitalak erabiliz. Garatu duten ekintza EMEU sareak sortutako ‘modulu birtuala’ kontzeptuan oinarritzen da.
Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako helburuak ezagutu ondoren, tailerrak ekologikoago egiteko plan bat garatu dute ikasleek ‘auzolan’ ideiaz baliatuz. Lehenengo urratsa beraien burua aurkeztea izan da eta bakoitzaren zaletasunak eta interesak partekatu dituzte binaka Alemaniako kideekin. Gero galdetegi bat prestatu dute eta elkarri bidali diote bakoitzaren tailerraren egoera ezagutzeko. Zer energia mota erabiltzen duten gehien, erabiltzen dituzten materialak birziklagarriak diren ala ez, karbono dioxido emisioen aurrean zer neurri hartzen duten edota ekonomia zirkularra aplikatzen duten ala ez izan ziren galderak, besteak beste.
Erantzunen analisian oinarrituta, hausnarketa egin eta hobekuntza plana prestatu dute elkarrentzat. Emaitza bideo eta infografia formatuan bidali dute Alemaniara.
Tailerren ekologiaz ikasteko, beste herrialde bateko jendearekin ideiak partekatzeko eta ingelesa hobetzeko motibatuta, ikasleek tailerrak eta orokorrean lantokia zaintzeko kontzientzia hartu dute. Esan beharra dago pandemiak proiektuaren garapena baldintzatu duela, izan ere, Alemanian konfinamendu zorrotzan egon dira eta etxetik aritu dira. Horrek kideen arteko komunikazioa zaildu du baina, hala ere, ingelesa egoera erreal batean erabiltzeko aukera eman diete ikasleei.