%84ko okupazioa ikasketak amaitu eta 6 hilabetetara
Ikasketak amaitu eta handik sei hilabetera, abenduan, Armeria Eskolan ikasitako ikasleen okupazio tasa %84koa izan da, duela urtebeteko datu antzerakoa. Oraindik lan egoera guztiz egonkortu ez bada ere, datu positibo honek erakusten digu: COVID 19 pandemiak eragindako krisia atzean utzi dugula eta gaur egungo merkatuak berriro ere Lanbide Heziketa amaitu duten ikasleen beharra duela, gehienbat esparru industrialetan ikasi dutenena. Izan ere, 2021etik 2022ra kudeatutako lan eskaintzen kopurua igo egin da 2017 eta 2018ko antzeko datuak lortu ditugularik.
Azpimarratzekoa da Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan zikloa 2022ko ekainean amaitu zuten ikasle guztiak abenduan lanean zeudela.
Espezializazioen kasuan ere ia erabateko laneratzea lortu da. Kalitate Kontrol Metrologikoan %90eko okupazio-tasa izan zuten eta Ekipo Elektroniko Integratuen Garapenean %100a.
Datuek erakusten duten beste puntu interesgarri bat da ikasten jarraitzearena. Badirudi erdi mailako ikasle gehienek zikloa amaitu ondoren ez dutela lanerako bidea hartzen, nahiago dutela ikasten jarraitzea. Horrela, 2022an Mekanizazio eta Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak zikloak amaitu ondoren, ikasle gehienak goi mailako heziketa zikloetan matrikulatu ziren.
Nahiz eta neurri apalagoan izan, goi mailako ikasle batzuk ere ikasten jarraitzea aukeratu zuten, bai espezializazioak egiteko zein Unibertsitatera joateko. Aukera hori nabaria da elektrizitate eta elektronika familiako goi mailako zikloetan.
Lan-poltsa zerbitzua
Laneratzea hain handia izatea ahalbideratzen duen arrazoietariko bat Armeria Eskola Elkarteak kudeatzen duen Lan Poltsa zerbitzua izan daite. Zerbitzuaren helburua ikasleen laneratzea erraztea da, baita enpresen langile beharrak asetzea ere. Horretarako, jasotzen ditugun lan-eskaintzak astero zabaltzen ditugu ikasle ohien eta irakasleen artean. Gainera, bi txosten egiten dira ikasturteko datu orokorrekin.
Azken txostenaren arabera, 2022ko apirila eta urria bitartean, 102 enpresa ezberdinetako 132 lan-eskaintza kudeatu ziren, 21 mekanizazioa zikloarekin erlazionatutakoak, 11 Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak zikloarekin, 4 Diseinua Fabrikazio Mekanikoan zikloarekin, 40 Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan zikloarekin, 31 Mekatronika Industriala zikloarekin, 10 Automatizazio eta Robotika Industriala zikloarekin, 4 Telekomunikazio eta Informatika Sistemak zikloarekin, 5 Mantentze-lan Elektronikoa zikloarekin eta beste 6 hainbat arloetakoak.
Lan eskaintza horiek guztiak kudeatu ondoren, lan poltsa zerbitzuaren bidez 15 kontratazio egin ziren, gehienak, Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan eta Mekatronika Industriala zikloak.
Kudeatutako eskaintzak eskualdeka banatzen baditugu, gehienak Debabarrenekoak izan zirela ikus dezakegu, %51. Ondoren, Debagoiena, Durangaldea eta Urola daude, % 14, %12 eta %8 portzentaiekin, hurrenez hurren.
Zerbitzua web aplikazio bidez kudeatzen da, bertan enpresen lan eskaintzak eta ikasle ohien kurrikulum-ak jasotzen direlarik. Zerbitzu honen bidez Armeria Eskolak bitartekari-lana egiten du ikasle ohien eta enpresaren artean.