EMEU4C nazioarteko proiektuan modulu gurutzatuak garatuko dira ikasleen mesedetan
Ekonomia eta gizartea azkar ari dira aldatzen, eta hezkuntzaren eta industriaren arteko lankidetza eraldatu egin beharra dago. Gure gizarte globalean, produktu, zerbitzu eta gizarte-berrikuntzaren premia gero eta handiagoa da. Aplikazio bat erabiltzen da gure bihotzeko abiadura kontrolatzeko, paketeen nondik norakoak monitorizatu eta jarraitzeko, adineko pertsonei online arretarako-ekipamenduak eskaintzeko, edo pertsonak COVID-19arekin kutsatu ote diren behatzeko, eta abar. Beharrizan horri erantzun bat emateko asmoz, EMEU4CROSSOVER nazioartekotze proiektuan arituko da Armeria Eskola datozen hiru urtetan Danimarka, Finlandia, Herbehereak eta Alemaniako ikastetxe batzuekin lankidetzan. Industriarekin elkarlanean lanbide-arlo ezberdinen irakasleek esperientzia gurutzatu teoriko eta praktikoak sortu, probatu eta eskainiko dituzte. Horretarako, hainbat ziklo ezberdinetako ikasleak beren arlotik baino haratagoko irtenbideak topatzen ahaleginduko dira pentsaera malgua garatu ahal izateko.
Lorategi bertikal automatikoak eta eraikin adimenduak
Alde batetik, Eibarko Automatizazio eta Robotika Industrialeko zein Mekatronikako ikasleek eta Aarhus-eko -Danimarka- Lorezaintza eta Paisajismoko ikasleek lorategi automatizatu bat sortuko dute.
Danimarkan, Green Academy eskolan, landareen eta lorategien ezaugarriak eta beharrizanak ezagutuko dituzte lehendabizi, eta hirigintzan lorategiak nola txertatu. Ondoren, Armeria Eskolan, arlo teknikoa landuko da eta proiektua gauzatu. Honela, Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikasleek kuadro elektrikoaren diseinua, aurrekontua eta muntaketa garatuko dute. Bestalde, Mekatronika Industrialeko ikasleek egituraren diseinua, aurrekontua eta muntaketa egingo dute.
Bestaldetik, Eibarko Instalazio Elektriko eta Automatikoko ikasleek Holanda, Danimarka eta Finlandiako 3 ikastetxekin batera eraikuntza eta elektrizitate arloak landuko dituzte. Helburu nagusia eraikin jasangarri bat eraikitzea izango da. Horretarako eraikuntza berdea, materialen aukeraketa, domotika teknologiak eta elementu elektrikoak uztartuko dira.
Aipaturiko arloez gain zeharkakoak diren hainbat gai landuko dira, tartean bioaniztasuna, hirigintza berdea edo garapen iraunkorra eta, aldi berean, ikasleek kultura desberdinak ezagutu ahalko dituzte. Jarduera birtualak eta ikasketa moduluak garatu eta entseatuko dira, ikasleak sentsibilizatzeko. Ekimenak agerian utziko du lanbide taldeen arteko elkarlanaren balioa. Kooperazio horren bidez proiektuaren helburuak garatuko dira eta ikasketa planetan modulu gurutzatuak aplikatuko dira (hiriko paisaia eta automatizazioa, eraikuntza jasangarria eta domotika) ikasleen mesedetan.