Armeria Eskola hizkuntzen kudeaketan eredugarri
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diruz lagunduta, Euskalit Kudeaketa Aurreraturako Euskal Fundazioak web-aplikazio bat sortu du hizkuntza-kudeaketan praktika onak identifikatu eta partekatzeko. Hizkuntzen kudeaketan aurreratuak diren 30 erakunderen 47 praktika eskuragarri jarri ditu bilatzaile berrian, haien artean Armeria Eskolak ikasleen euskara gaitasuna hobetzeko martxan daukan ‘Lanerako komunikazioa euskaraz’ proiektu pilotua.
2019-2020 ikasturtean Telekomunikazio eta Sistemak A ereduko zikloan ahozko hizkuntza lantzeko 60 orduko ikastaroa jaso zuten ikasleek Eibarko Udalaren laguntza ekonomikoari esker. Jasotako trebakuntzaren onurak nabarmenak izan ziren, ikasleek parte hartze-aktiboa erakutsi zuten euskararen erabileran eta azpimarratu zuten talde kohesioan izandako eragin positiboa. Emaitza onak ikusita, iaz eta aurtengo ikasturtean Mantentze-lan elektronikoa ziklora zabaldu da proiektua.
Egungo jendartearen behar-izanetara egokitutako Lanbide Heziketa zentroa izanik, Armeria Eskolak konpromiso sendoa du zerbitzu onak eskaintzeko, haiek modu etengabean egokitu eta berritzeko eta gizarteak dituen erronkei aurre egiteko.
Hizkuntza planteamenduari dagokionez, Armeria Eskolak euskara erabiltzea lehenetsiko duen eredu eleaniztunaren alde egiten du eta ikasleen gaitasun komunikatiboa hiru hizkuntzetan garatzen jarduten du. Ibilbide luzeko erakundea izanik, apustu sendoa egin du azken urteetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko bai zerbitzu-hizkuntzari eta baita lan-hizkuntzari dagokienez.
Zerbitzu-hizkuntzari erreparatuz, azken hamarkadan %60 igo da D ereduan ikasten ari diren ikasleen kopurua. Lan-hizkuntzari dagokionean, azpimarratzekoa da 2020an Armeria Eskolak lortu duen emaitza: izan ere, zilarrezko Bikain Euskararen Kalitatezko Ziurtagiria lortu zuen, normalizazioko bidean egindako lanari esker.
Hizkuntzen kudeaketan praktika onen bilatzailea atzitzeko, klikatu hemen .