Ageriko omenaldia Armeria Eskolari bere 110. urteurrenean
Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatuta, Euskal Enpresaren Gauaren XXXI. edizioa ospatu zen azaroaren 28an Bilboko Guggenheim Museoan. Ekitaldi honen barruan Armeria Eskolari errekonozimendu berezi bat eskaini zitzaion Eibarren eta, orokorrean, euskal industrian izandako eraginagatik.
Jon Iraola Eibarko alkatearen eskutik omenaldi-plaka jaso ostean, Imanol Urreisti zuzendariak egindako adierazpenean Armeria Eskolak gaur egun arte iristeko izan dituen hiru ezaugarri azpimarratu zituen: alde batetik, egoera berrietara egokitzeko eta aitzindaria izateko gaitasuna; bestetik, inguruko gizarte eta industrian eragiteko gaitasuna eta azkenik, hainbat pertsonengan atxikimendu-sentimendua sortzeko gaitasuna.
Armeria Eskola 1912. urtean sortu zen Eibarko udalaren ekimenez, Eibar eta inguruko industriaren garapena bultzatzeko asmoarekin; Euskal Herrian eta Espainian ikasgai teoriko eta praktikoak eman zituen lehendabiziko eskola profesionala izan zen eta mende bat baino gehiago darama Debabarreneko enpresen oinarri teknikoa eta ekintzailea elikatzen.
Aurrera egingo badu, inguruarekin elkarlanean eta erronka berrietara egokituz izango da; beti ere, konfiantzan oinarritutako ekosistema industriala bultzatuz. Manufaktura-sektoreari laguntza emateko hezkuntza-helburu izanda, egun zentroak jarraitzen du aitzindari izaten Gipuzkoako eskualdean eta eraldatzeko prozesu sakonean murgilduta dago. Honela, hurrengo hilabeteetan 1,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsio bati esker, ekoizpenaren digitalizazioa eta metrologia produzkio-sisteman integratzen dituen tailer berria eraikiko du.
Eraldaketa guzti honek Armeria Eskolak puntako guneak garatzeko duen estrategian aurrera egiteko aukera emango du; honela, egungo industrian funtsezkoak diren beste disziplina batzuk hedatuz, robotika, automatizazio eta digitalizazioarekin lotutako laborategi berri bat eraikiko da. Era berean, ikasgela interaktiboak eta errealitate birtualeko espazioak integratuko dira prestakuntza-prozesuan.
Armeria Eskolako errekonozimenduaz gain, Euskal Enpresaren Gaua egitasmoan hurrengo sari hauek banatu ziren: 2021eko Euskal Enpresaririk onena, Mariano Ucar Angulo, Faes Farmako presidenteari; Enpresa Berrikuntza saria Alcorta Forging Group-ari, Made in Euskadi saria Basque Culinary Centerri eta Euskal Makila Winoa Ibérica enpresari.