Agenda 2030 forma hartzen Armeria Eskolan
Armeria Eskolak tinko dihardu lanean aspaldian industria eta berrikuntza bultzatzen, lan duina eta hazkunde ekonomikoa sortzen, genero berdintasunean aurrera egiten eta kalitatezko hezkuntza bermatzen, besteak beste.
Aurten hartutako konpromisoa pausu bat haratago eraman nahi izan du eta Agenda 2030 programan izena eman du era ofizialean. Konpromisoa bistarazteko asmoz, programak dituen 17 garapen iraunkorreko helburuetatik hainbat eta bat gehiago (17+1) kubo forman jarri ditu ikusgai eskolako sarrera nagusian, bakoitza helburu batekin lotuta eta hiru hizkuntzatan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Ekimen honekin lotuta, eskolako ate nagusitik sartzen den edonork helburu guztiak jasotzen dituen kartela eta haietatik aukeratu ditugun 9 helburu, kubo bidez azalduta ikusi ahal izango ditu atezaintzaren ondoan: 17+1 gurpila, 4. helburua: Kalitatezko hezkuntza, 5. helburua: Genero berdintasuna, 8. helburua: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa, 9. helburua: Industria, berrikuntza eta azpiegitura, 13. helburua: Klima aldeko ekintza, 15. helburua: Lehorreko bizitza, 17. helburua: Itunak helburuak lortzeko eta 18. helburua: Hizkuntza eta Kultura aniztasuna.
Helburuen garapena 2021-2022 ikasturtean
Agenda 2030 programa eskolan txertatu eta garatzeko, Armeria Eskolako taldeak aurtengo ikasturterako hiru helburu nagusi zehaztu ditu: alde batetik, gure basoen babeserako sentsibilizazio kanpaina martxan jarriko dute, bestaldetik zuhaitz landaketa burutuko da eskolan matrikulatuta dagoen ikasle bakotzeko eta azkenik, lorategi bertikalak gauzatu eta mantentzeko lanetan jardungo duten tekniko izateko berrikuntza modulua sortuko du Danimarkako eskola batekin elkarlanean. Helburu hauek guztiek zerikusi zuzena dituzte 4., 8., 9., 13., 15. eta 17. helburuekin.
Halaber, ikasturte honetan, genero berdintasunarekin (5. helburua) lotuta hainbat ekintza aurreikusi ditugu, hala nola: Eusko Jaurlaritzako ‘Gizonduz’ ekimenak eskaintzen dituen lau orduko ikastaroa 1. mailako ikasle guztiei eta irakasleei zuzenduta eta data esanguratsuekin lotutako jarduera bereziak, adib. azaroak 25, otsailak 27 eta martxoak 8.
Aldi berean, Hizkuntza eta kultura aniztasunari erreparatuko diogu eta erronka handia dugu jorratzeko: Ulibarri programa kide aktiboa izanda, hurrengo lau urteko euskara proiektua prestatuko dugu. Horretarako lau fase hauek landuko ditugu: sentsibilizazioa (programaren zergatia eta garrantzia), diagnostikoa (egungo egoeraren azterketa), gogoeta (ondorioak ateratzea eta helburuak adostea) eta Hizkuntza Normalizazio proiektua idaztea.