Mantentze-lan Elektronikoa, egoera berrira modu naturalean egokitu den zikloa
Lanbide Heziketako ikastetxe guztien antzera, Armeria Eskola ere egoera berrira egokitzeko prozesuan murgilduta dago, eta, alde horretatik, azpimarratzekoa da bertako irakasle guztien konpromisoa. Aitortu behar da aldaketa ez dela batere erraza, hainbat jarduera praktiko tailerrean egin behar direlako nahitaez. Hala ere, ziklo gehienak oso modu naturalean egokitu dira egoera berrira, aldez aurretik esperientzia zutelako digitalizazioan eta IKT tresnen erabileran, Mantentze-Lan Elektronikoa goi-mailako zikloa da horren adibide garbia.
Ziklo horretako irakaslea den Joseba Etxanizen arabera, ikasle guztiek dituzte ordenadore eramangarriak, eta hasieran konexio arazoren bat egon bazen ere, berehala konpondu zuten. Gmail-a ezarri zuten komunikazio bide ofizial gisa, bideokonferentziak egiten dituzte egunero, eta ikasleekin harreman zuzenagoa izateko, Telegram talde bat sortu dute eta Kahoot aplikazioa erabiltzen dute.
Egun hauetan Arduino ikastaroa ematen ari dira, aldez aurretik ikastetxeko Moodle plataforman garatuta zeukatena; beraz, ez zaie zaila egin egoera berrira egokitzea. Gehien bat programazio-ariketak egiten dituzte, ahalik eta azkarren zuzentzen direnak eta ahalik eta ebidentzia gehien biltzen dituztenak, hala nola: bideokonferentzietan parte hartzea, ariketak epe barruan bidaltzea …
Josebaren iritziz, oraindik goiz da ikasleen balorazioaren berri izateko, baina irakasle-taldea pozik dago ezarritako dinamikarekin, eta Arduinoren gaiak egokitzapen prozesuan lagundu diela onartzen duen arren, ziur dago geratzen diren gaiak ere Arduinoa bezain ondo edo hobeto landuko dituztela.