Elkarlanean Oinarrituriko Ikaskuntza Fabrika

Aurten lehen aldiz, erronka zirraragarri bat burutu dugu, hiru familia desberdinetako lau ikasketa programa konbinatuz: Diseinuaren Fabrikazio Mekanikoa eta Mekatronika Industriala (goi mailako zikloak), eta Elkarlaneko Robotika eta Mantentze Industrialaren Digitalizazioa espezializazioak.
Gurpil bat fabrikatzeko (bi ardatz eta pneumatikoa) linea automatiko bat – prentsa, robota eta zinta barne- martxan jartzea izan da erronkaren helburua. Diseinuko ikasleek gurpilaren hiru piezen moldeak sortu dituzte; Mekatronikakoek zintaren programazioa eta biki digitala garatu dituzte; Robotikako ikasleek ABB robot kolaboratiboa eta AMR Omron programatu dituzte; eta Mantentze Industrialaren Digitalizazioko ikasleek IoT, sentsore adimendunak eta baldintzen monitorizazioa integratu dituzte.
Elkarlanean Oinarrituriko Ikaskuntza Fabrika (Smart Collaborative Learning Factory ingelesez) kontzeptua hezkuntza eta industria arloan berrikuntza eta kolaborazioa bultzatzea helburu duen ekimena da. Industria 4.0ko teknologia aurreratuak integratuz linea automatiko-robotiko baten instalazio eta garapenean jardun dira. Gainera, ziklo eta disziplina ezberdinen arteko kolaborazioa bultzatzen du, eta ingurune industrial erreal baten antzeko baldintzak eskaintzen ditu, esperientzia praktikoa lortzeko.