VirTrain, errealitate birtualaren aplikazioak hizkuntza-irakaskuntzan eta erabiltzeko metodologia
2020ko irailean abiatu zen VirTrain proiektuak Lanbide Heziketako hizkuntza-irakasleak errealitate birtualaren (EB) bidezko irakaskuntzan trebatzea du helburu, hizkuntza irakaskuntzan arreta jarriz: atzerriko hizkuntzak errealitate birtualaren bidez irakasteko gaitasunak garatzea, errealitate birtualaren onurak erakustea, prestakuntza-beharrak identifikatzea eta, irakasleak benetan prestatzea, egon daitezkeen oztopoak gaindituz.
Erasmus+ programak finantzatutako proiektuak lau bazkide-kategoria biltzen ditu: Txekiar Errepublikako Goi-mailako Lanbide Heziketako Elkartea (CASPHE), proiektu-koordinatzailea; Txekiar Errepublikako MTI zentroa, hizkuntzen irakaskuntzan aditua; Italiako Trento eskualdeko Hezkuntza Saila; eta Armeria Eskola, emaitzak zuzenean ikasleekin probatzen ari dena. Tknika ikerketa zentroa eta Immerse.online enpresa estatubatuarra proiektu-laguntzaileak dira. Pandemiaren eraginez, 2022ko azaroan amaitzeko epea 3 hilabetez luzatu behar izan dute eta, aldaketa teknologikoen abiaduraren ondorioz, aukera berriak aztertzeko aprobetxatu dute.
Lehenengo etapan, ikerketa lan bat egin zuten EB duen erabilgarritasunaren inguruan, Ikasle eta irakasleentzako galdetegi baten bidez. Emaitzek argi erakutsi dute oso jende gutxik ezagutu edo erabili izan duela errealitate birtuala eta interes handia sortzen duela. Ondoren, prestakuntza ikastaro batek zer eduki izan behar zuen zehaztu zen: lehendabizi, teknologia espezifikoa ezagutu behar zen, kasu honetan Oculus Quest 2 gailua erabili da. Jarraian, irakasleentzako ikastaroa garatu zen, bi dimentsiotakoa: online ikastaro bat Moodle-n eta ikastaro presentziala 15 irakaslerentzat (herrialde bakoitzeko bost). Formakuntza presentzialak Txekian eta Italian eman ziren.
Irakasle bakoitzak bere ikasgaiak prestatuko du eta material guztia datu-base batean gordeko da. Interesa duen edonorentzat eskuragarri egongo da proiektuaren amaieran www.virtrain.eu atarian.
Azken fasea garatzen ari dira orain eta EB hizkuntza-irakaskuntzan nola erabili azalduko duen metodologia diseinatzen ari dira.
Urriaren 25ean hedatze-ekitaldia egingo dute Tknikan LH-ko Ikerketa Zentruan proiektuaren emaitzak aditzera emateko eta urriaren 26an lan-bilera egingo dute parte-hartzaileek Armeria Eskolan.