Eibarko Udalak, UNI Eibarrek eta Armeria Eskolak euskarazko D ereduan matrikulatzearen abantailak azpimarratu dituzte.
Udaletxean egin den prentsaurrekoan Jon Iraolak, Eibarko alkateak, Ana Telleriak, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza batzordeburuak, Iker Espillak, Armeria Eskolako estrategia zuzendariak, Oskar Gisasolak, UNI Eibarko zuzendariak, eta Lanbide Heziketako bi ikastetxetako ikasleek hartu dute parte.
Mahaikideek azaldu dutenez, euskarazko D ereduan ikasteak hainbat abantaila ditu, esaterako ondorengo hauek:
- Inguruko enpresarik aurreratuenek kontratazio berrietan euskara jakitea eskatzen dute.
- Enpresa askotako lan ingurua euskalduna da eta bezeroekin aurrez aurre egoteko postuek euskara gaitasuna eskatzen dute, bezeroek eurek nahi duten hizkuntzan artatuak direnean asebetetze handiagoa izaten dutelako.
- Kontratazio publikoetan (Osakidetza, Hezkuntza, Kabia, Udalak, Mankomunitateak…) euskaraz jakitea eta B1 edo B2 ziurtagiriak izatea ezinbesteko baldintza dira.
- Orain arteko ikasketak euskaraz egin dituenak normaltasun osoz egiten du Lanbide Heziketa D ereduan.
- Ikasketak euskaraz eginda prestakuntza osatuagoa izango dute, ondo menperatuko baitituzte hizkuntza ofizial biak.
- Erdi mailako ikasleek euskarazko B1 agiria mailakoek B2 agiria.
Eibarko alkateak eta Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza batzordeburuak adierazi dutenaren arabera, Eibarko Udalak 80. hamarkadatik dihardu herrian eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko lanean. Eibarko Udalak beti izan du oso argi Hezkuntza sistemak euskararen normalkuntzan jokatu duen eta jokatzen diharduen papera zein garrantzitsua den eta bide lagun izan da Udala eta izaten jarraitu nahi du.
Hezkuntza sisteman Eibarko ume ia guztiak D ereduan eskolarizatuak izateak bermatzen du urte gutxiren buruan herritar ia guztiak izango direla elebidunak, denak izango direla gutxienez euskara ulertzeko gai, eta horrek euskaraz bizi nahi duenari arlo guztietan euskara erabiltzeko aukera emango diola.
Derrigorrezko Hezkuntza osoa D ereduan egin ondoren jarraipenik egokiena Lanbide Heziketa ere D ereduan egitea da. D ereduan matrikulatuta ordura arteko ikasketen jarraipen naturala izango da hizkuntzari dagokionean eta ikaslearen formakuntzari plus bat emango dio lan merkatura begira. Izan ere, gero eta gehiago eskatzen da enpresa eta zerbitzu sektorean euskara ere jakitea.
Esan beharra dago Eusko Jaurlaritzak indarrean duela “Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023” eta bertan jasota dauden azken helburuetan “Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzea” dago. Eta Eibarko Udalak ere bat egin nahi du helburu horrekin.
Plan horretan eskualdeetako zerbitzu enpresetan euskararen erabilera areagotzea zerbitzu hizkuntza moduan, eta eskualdeko industrietan euskara lan hizkuntza moduan gehiago erabiltzea ere jasota dago. Hori da etorkizuna.
Jarraian, UNI Eibarko eta Armeria Eskolako zuzendariek euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko egin duten apustua eta Lanbide Heziketako bi ikastetxeetan euskarazko D ereduek izan duten bilakaera azaldu dute. Azken hamarkadan %60 igo da D ereduan ikasten ari diren ikasleen kopurua eta igotzen ari da D eta B ereduen eskaintza. Esaterako, datorren ikasturtean Armeria Eskolan orain arte A ereduan eskaintzen ziren hiru ziklo B ereduan eskainiko dituzte, aldaketa hori erdi mailako Mekanizazioan eta goi mailako Telekomunikazio- eta Informatika-Sistemak eta Mantentze-lan elektronikoan emango delarik.
Bi ikastetxetako zuzendariek azpimarratu dutenez, matrikulazioan hobekuntza etengabea eta nabaria da, hala ere, indar egiten jarraitu beharra dago Hizkuntza Proiektuetan ezarrita dituzten epe laburreko helburuak lortzeko: 2024.urtean ikasleen %70-75 D eta B ereduetan matrikulatzea.
Azkenik, bi ikastetxetako ikasleek hartu dute hitza D ereduan matrikulatu izanaren zergatiak eta onurak azaltzeko, eta Lanbide Heziketa egitea pentsatzen ari diren guztiei gomendatu diete D ereduan matrikulatzeko.